Asentzioko putzuko arrainei zerbaitek kalte egin die. Ur azalean daude asko eta asko, eta bat baino gehiago tripaz gora. Udalak jakinarazi du karramarro gorriendako pozoia bota duela Diputazioarekin elkarlanean, eta arrainak bizirik daudela. Kontuak zer esana eman du, tartean putzuaren jabea den Angiozarko parrokian. Uste dute pozoi dosia larregikoa izan dela, eta minduta daude Elgetako Udalaren jokabidearekin. Adierazi dutenez, beste behin, inori ezer esan gabe jokatu du.
Angiozarren minduta
Galdetuta, Angiozarko auzo-alkate Jose Angel Mikeok adierazi du Elgetako Udalak hanka sartu duela; ez diote Angiozarko bailarari inongo abisurik eman, eta ez dute pozoi dosia ondo neurtu. "Elgetako Udalak eta Angiozarko bailarak lan mahai bat dugu osatua Asentzioko gaiak lantzeko, eta asmoa da elkarlanean aritzea", esan du Mikeoak. "Ez da gure asmoa harremana gaiztotzea, baina horrelakoak eginda...". Mikeoren esanetan Elgetako Udalak badu ohitura txar bat: "inori ezer esan gabe jokatzekoa", alegia.
Angiozarko auzo alkatearen esanetan arrainak horrela ikusteak beldurtu egin du jendea. "Ez da abisurik pasa, eta ez da kartelik ipini. Jendea ibiltzen da inguru horretan animaliekin, eta askotan putzutik edaten dute ura". Angiozar auzotik galdetzen dute baita ere nork bota duen pozoia. "Horrelakoak, gure ustez, biologo edo tekniko baten kontrolarekin egin behar dira, ez eraikuntza langile batzuei udaletxean gordeta dagoen pozoia eman eta botatzeko esanda". Mikeoren esanetan argi dago pozoi dosia ez dela ondo neurtu.
Udala jarraipena egiten
Elgetako Udalak adierazi du karramarro gorriendako pozoia Diputazioarekin elkarlanean bota dutela. Udala lanak egiten ari da putzuaren aldameneko lur sail batean, eta proiektu horren barruan jasota zegoela putzuan karramarroen kontrako tratamendua botatzea. Angiozarren horren jakitun zirela azpimarratu du Oxel Erostarbe alkateak.
Erostarbek gaineratu du ez dela lehenengo aldia karramarro gorrien kontrako pozoia botatzen dela, eta asmoa dagoela aurrerantzean ere tratamendu horrekin jarraitzea. Alkatearen esanetan aurreko aldietan ere arrainek sumatu izan dute pozoiaren eragina. Erostarbek gaineratu du Udala jarraipena egiten ari dela.