Gaur egungo baldintzetan, automobil elektrikoak ezingo du bere potentziala garatu, esan du Aceak; horregatik, okertu egin ditu ibilgailu horretarako zituen salmenta-aurreikuspenak: datorren hamarkadan, merkatuaren %2 eta %8 artean bakarrik izango duela esan du.
Acearen iritziz, automobil elektrikoaren porrota neurri baten bakarrik azaldu daiteke krisiarengatik; izan ere, birkargatzeko estandarrak oso poliki garatzen dabiltzala, merkatua oso zatitua dagoela, ikerketa eta garapenak babes txikiegia duela eta azpiegiturekiko ikuspegia "iluna eta zatitua" dela ere esan du.
Elkarlan eta babes beharra
Aceako idazkari orokorrak, Ivan Hodac-ek, esan duenez, ibilgailu elektrikoak aurrera egingo du baldin eta eragile guztiek "erabateko elkarlana" badute: hain zuzen, energia-hornitzaileek, azpiegitura-enpresek, estandarizazio-enpresek eta automobil-industriak; eta gobernuen eta Europako erakundeen babesa baldin badute.
Debagoieneko enpresak ere sartu dira automobil elektrikoak irekitako merkatu eta ikerkuntza arlo berrian. Besteak beste, Mondragon Korporazioak Citycar auto elektrikoa aurkeztu zuen 2010ean. Eroskik Mercedes etxeak egindako furgoneta elektrikoak jaso zituen 2011 hasieran. Automobil elektrikoak kargatzeko guneak badaude hainbat Eroski zentrotan; tartean, Arrasatekoan.