1. Disko berria aurkezteko lehen kontzertuen ostean, zein da sentsazioa?
Nahiko ona, inoiz ez dugu sumatu jendearen horrelako erantzunik. Ez kopuruagatik; kantu berriak izan arren, jendeak lehen kontzertuetatik bazekizkielako baizik.
2. 23 argik osatzen dute zuen lan berria. Ez dira gutxi!
Kolaboratzaileek 11 abesten dituzte, nik 12: hiru urtetako lan oparoa bildu dugu. Disko normala izan behar zuen, baina abesti bitxiak zeuden, beste batzuek abesteko modukoak; aukera eman digu beste era bateko diskoa egiteko.
3. Fabore asko eskatu dituzue hainbeste kolaboratzaile lortzeko?
Laguna gauza on eta txarretarako zara; baita marroietarako ere. Kolaboratzera gonbidatzen nautenean, kolaboratzen dut, eta inguruko jendea ere halakoa dugu. Denekin dagoen zubia da 20 urteotan gure bidean gurutzatu direla.
4. Amestu... zeini eskatuko zenioke zuekin kolaboratzeko?
The Clash taldeko Joe Strummerri. Haiek izan ziren reaggea, ska, rocka eta punka uztartzen lehenak; aldarrikatzeko eta dantzatzeko modua zegoela erakutsi zuten.
5. Betagarri familian, zein zara: aita, ama ala seme errebeldea?
Denetik: gurasoen rola ez dut inoiz jokatu, baina gustatzen zait rol guztietan saltseatzea. Taldean asanbladan hartzen ditugu erabakiak.
6. Abesten, non gusturago, estudioan ala agertokian?
Agertokiko pertsona naiz, ez zait askorik gustatzen grabatzea. Ez dut oraindik lortu horrela behar bezalako ahotsa ateratzea, egoerak baldintzatzen zaitu. Zuzenekoetan ere bai, baina ezberdina da: graba- tutakoa bizi osorako geratzen da.
7. Eta publikoa hotz badago, zerk ez du hutsik egiten?
Askotan, ez dago nola mugitu publikoa; horrela daude eta kitto: aurrera jarraitu behar duzu, profesionala izan. Moskeatzen zaitu, baina miraririk ezin duzu egin.
8. Sindikatu bateko langile ohi ikuspuntutik, nola deskribatuko zenuke egungo egoera?
Egoera latza da, burua makurtu behar ez dugun sasoia; erne egon behar dugu. Baina gauzak gaizki daudela esan bakarrik ez, nola aldatu ere pentsatu behar da.
9. Tabernan sartu eta Betagarri jarrita dagoela entzuten baduzu...
Lotsatu egiten naiz, ez nago eroso: seguruenik, ingurukoek ez dute jakingo ze musika den, edo nor naizen ni, baina... batetik, harro, ni naizelako; bestetik, lotsatuta.
10. Zer du Gasteizko gauak beste inon aurkitu ez duzunik?
Beti izan du zerbait, eta segitzen du kultura eta musika arloan puntako hiria izaten. Areto eta tabernek zuzeneko asko antolatzen dituzte: ia astelehenetik igandera musika entzuten egon zaitezke.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Gutxi batzuen eskuetan dagoena guztion eskuetan jarriko nuke, eta banaketa berdintsua izan dadila: nik uste dut guztiok nahi duguna bizi izatea bakarrik dela, ez gehiegirekin edo besteak baino gehiagorekin. Bada, ondasunen banaketa duina egingo nuke".