Manifestazioaren deitzaileek manifestua plazaratu dute. Bertan, besteak beste, "gatazkaren ondorioak askotarikoak" direla eta "denek konponduak" izan behar dutela azaltzen dute. "Aurrera egiteko preso eta erbestean dauden herritarren egoeran arreta jartzea funtsezkoa da". Hori horrela, sakabanaketarekin amaitzea, gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzea zein zigorra beteta dutenak askatzea eskatuko dute milaka pertsonak gaurko hitzorduan.
Urtero-urtero, sentsibilitate ezberdineko jendeak parte hartzen du Bilboko manifestazioan: politikariak, musikariak, feministak... Eta ohi bezala, debagoiendar ugarik ere egingo dute bat gaur Bilbon egingo den presoen aldeko agerraldiarekin.
24 autobus gutxienez
Debagoienean hainbat tokitan antolatu dituzte manifestaziora joateko autobusak. Oñatin, adibidez, zazpi autobus beteta zeuden atzo eguerdirako; Arrasatetik sei abiatu dira; Bergaran, bederatzi autobus beteta zeuden atzorako eta ez zuten baztertzen besteren bat ere betetzeko aukera; eta Elgeta eta Eskoriatzatik ere autobus bana irtengo dira.
Instituzioen aldetik babesa manifestazioari
Instituzioen aldetik ere babesa jaso du presoen aldeko mobilizaziorako deialdiak. Hala, ibarreko udal guztiek egin dute bat deialdiarekin. Zenbait kasutan, gainera, presoen aldeko mozioak onartu dituzte osoko bilkuratan: Oñati, Eskoriatza, Elgeta, Arrasate, Leintz Gatzaga edota Aretxabaletan, esaterako. Manifestazioko aldarriarekin ados agertu bakarrik ez, zenbait tokitan bandoak atera eta etxe atarietan ere ipini dituzte, herritarrei Bilbora joan daitezen dei eginez.
Arrasateko Udalaren bandoan, esate baterako, Giza Eskubideen Deklarazioa aipatzen da, eta "euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespeneko espetxe neurriak indarrik gabe utzi" behar direla uste du Udalak. Eta hala jarraitzen du: "Giza eskubideen eta bakearen aldeko akordio sozial zabala egiteko prestutasuna adierazten dugu, betiere modu eraikitzailean egiazko konponbideak bilatu nahian".
Bergarako Zukgua gazte prozesu eratzailetik ere egin dute deia Bilborako.
Mobilizazioak Oñatin eta Aretxabaletan
Bilboko manifestazioari atxikimendua adierazteko mobilizazioak egin dituzte astean Oñatin eta Aretxabaletan.
Eguen iluntzean egin zuten euskal presoen aldeko agerraldia Oñatin. Bertan izan ziren herritar dezente eta baita Udal Gobernuko ordezkariak ere. Manifestazioaren deitzaileek plazaratu duten manifestuan diote, besteak beste, gatazkaren ondorioak askotarikoak direla eta denek konponduak izan behar dutela. Mikel Biain Oñatiko alkatearen esanetan, manifestazioarekin eskatuko dutena da presoen oinarrizko eskubideak errespetatzen hastea.
Atzo, egubakoitza, bestalde, Aretxabaletako Institutuko ikasle eta irakasle batzuk elkarretaratzea egin zuten jolastorduan. Euskal presoen eskubideen defentsa egin eta Bilboko manifestaziora joateko deia luzatu zuten.