Presoen aldeko zapatuko ekitaldiarekin bat egin dute debagoiendar ezagunek

Leire Kortabarria 2013ko urtarrilaren 8a

Zapaturako, urtarrilak 12, Bilbon deitutako kale-agerraldira joateko dei egin dute Debagoieneko hainbat pertsona ezagunek. Agerraldi horretan, euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzaten eskatuko dute. Aukeratu duten leloa hauxe da: 'Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea'. Bada, deialdiarekin bat egiten dutela erakutsi eta euren ekarpena egitea erabaki dute publikoki Kepa Errasti aktoreak, Pello Garitano erretiratuak, Manex Agirre bertsolariak, Pello Zabala fraideak, Aitor Mendizabal pilotariak eta Jose Antonio Altuna enpresaburu eta alkate izandakoak.

Kepa Errasti, aktorea: 

"Ordua dalako Euskal Preso Politikuen eskubidiak be aintzat hartzeko".

Pello Garitano, erretiratua:

"Nire ustez Bilbora joan behar dugu, bakea lortzeko euskal preso politikoen egoera konpondu behar delako".

Manex Agirre, bertsolaria:

"Herrira etor daitezen, azken puntua herriak berak jarri behar duelako, urtarrilaren 12an Bilbon egongo naiz".

Pello Zabala, frantziskotarra:

"Gure sendiak zartatzen, puskatzen ta sakabanatzen saiatu arren, gero eta familia zabalagoa ta batuagoa egitea lortu dute. Halere, ez eskerrik!"

Aitor Mendizabal, pilotaria:

"Urtarrilaren 12an, berriz ere, Bilbo kolapsatu behar dugu legez beteta beharko luketen hiru gauza exijitzeko: Euskal Presoak Euskal Herrira, bizi osorako espetxe zigorrik ez eta gaixo dauden presoak kalera. Neu ere banoa!"

Jose Antonio Altuna, enpresaburu eta alkate ohia: 

"Espetxe politikak sufrimendu oso handia eragiten du presoengan eta baita bere senideengan ere. Ordua da desaktiba dezaten".

Informazio gehiago: www.urtarrilak12.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak