Urtarrilaren 1etik aurrera argindarraren prezioa %3 igo da. Hori baieztatu du Jose Manuel Soriak, Industria, Energia eta Turismo ministroak. Igoera hori bi faktorek eragin dute: Espainiako Gobernuak sarrera ordainsariak izozteak eta energiaren kostuaren igoerak (% 6,9). Bonu sozialaren prezioa orain arteko bera izango da. Bonu sozialaren onurak jasotzen dituzte ondorengo hauek: lehenengo etxebizitzan 3 kilowatt baino gutxiagoko potentzia kontratatuta dutenek, familia ugariek, kide guztiak langabezian dituzten etxeek eta pentsio txikia jasotzen duten pentsiodunek.
Bestalde, butano-bonbonak eta petroliotik eratorritako gasak ez dute igoerarik izango.
Correosko zigiluek ere igoera
Correosen ere igoerak izan dituzte. Urtarrila ezkero, Espainia mailan erabiltzen diren zigiluek %2,7ko igoera izan dute. Hala, orain arte 36 zentimokoak izan diren zigiluak aurrerantzean 37 zentimokoak izango dira. Igoera hori inflazioa baino zerbait txikiagoa da, eta azkeneko sei urteetan izan diren igoeretan txikiena.
Renfeko zerbitzua garestiagoa
Aldiriko trenen eta distantzia erdiko trenen prezioak igo egin dituzte. Urtarrilean ezarri dute egoera; hain zuzen, %3ko igoera. Hori horrela da, joan-etorriko txartelaren prezioak %20ko onura izan duelako. Orain arte, joan-etorriko txartela erosteak %10eko beherapena izaten zuen; bada, aurrerantzean beherapen hori %20koa izango da. Hori horrela, Avant txartelak eta distantzia erdiko txartelaren prezioak igoera izango dute.
Autobideei dagokienez, Bilbo eta Donostia arteko ibilbidea 26 zentimo garestituko da: 9,39 euro. Eta ohiko erabiltzaileek sistema berri batekin hasiko dute 2013a. Gehienez, hilean, 25 euro ordaintzeko sistema martxan da dagoeneko A-8 eta AP-1 errepideetarako, T Bidea sistema erabilita. Aireportuetako tasak %7 igoko dira 2013an. Horrek esan gura du 1,40 euro inguru igoko dela hegazkin txartelaren prezioa 2013an.
Etxebizitza berria erostea
Bestalde, orain dela urtebete Mariano Rajoy Espainiako presidenteak %4ra jaitsi zuen etxebizitza berriaren BEZa. Baina urtarrilaren 1etik aurrera neurri hori bertan behera geratu da. Gainera, udan Gobernuak ezarritako BEZ igoerak ere eragina izango du: aurrerantzean, etxebizitza berria erosteak %10eko BEZa izango du
Urte berriarekin batera prezioak igo egingo dira, baina, gainera, kontuan izan behar dugu prezioek BEZaren igoeraren karga dutela iraila ezkero.