Gabonetako kirol hitzorduen errepasoa: askotariko kirola gaztetxoendako

Xabier Urtzelai 2013ko urt. 4a, 15:24

Gabonetan geldialdia izaten da bizitzako arlo askotan, atseden hartzeko egunak dira. Baina, kirolean ez da halakorik, gurean ez behintzat. Erretratuetan azaltzen direnek ez dute deskantsurik izan, izerdia botatzeko aitzakia ederrak izan dituztelako. Urtetik urtera geroago eta kirol hitzordu gehiago antolatzen dituzte gureko klubek, kirol modalitate erabat ezberdinetan, gainera.

Santamas jaiak pasa eta ondorengo egunetatik hasitako kirol errepasoa duzue hau, Errege bezperara arte. Tartean egon dira omenaldiak –Beñat Rezusta pilotariari, edo dagoeneko gure artean ez dauden Txelis-i, Jose Felix de Benitori, edota Manuel Muñozi, besteak beste. Torneo askotan kanpotik puntako taldeak etorri dira, Ointxe!-ren saskibaloi torneoan, edota Arizmendiren futbolekoan, esaterako. Baina, azpimarragarriena da ibarreko gaztetxoenek kirolean jarduteko gura beste aukera izan dituztela; ez daitezela geldi egon.

100 gaztetxo baino gehiago, hockey-an

Bergarako Hanka Labanka patinaje elkartearen eskutik hockey-a izan da protagonista aste barruan Labegaraietan. Eguaztenean gaztetxoak ibili ziren, eta eguenean nagusiak. Informazio gehiago, hemen.

Labegaraieta hockey pista izan da egunotan.

San Silbestre Eskoriatzan eta Oñatin

Eskoriatzarrek korrika eginez esan zioten agur 2012ari, erritmo lasaian korrika eginez; Manuel Muñoz milian, berriz, aretxabaletar bat izan zen azkarrena, Beñat Arnaiz. Arratsaldeko lehenengo orduan gaztetxoen lasterketak korritu ostean hasi zuten nagusien San Silbestre lasterketa Oñatin. Erretratuak erakusten duen moduan, herri mailako lasterkariak izan ziren protagonista, nahiz eta korrikalari azkarrenek hegan egin zuten. Yerai Varela izan zen azkarrena. 

Eskoriatzako lasterketako podiuma.

Herritarrak Oñatiko kaleetan zehar, korrika.

Ointxe!-ren Gabonetako torneoan

Donostiako eta Errioxako taldeek jokatutako finalean Easoko mutilak ondo gailendu ziren; txapelketa arrakastatsuan, nobedade nagusia izan da eskola kirolekoen parte-hartzea. Informazio gehiago hemen.

Antxintxikakoen lan onari saria

Gabonetan banatu ditu federazioak urteko sariak, eta Antxintxikako atletek hainbat sari jaso dituzte. Hala, Ander Agirre eta Lurdes Oiartzabal izan dira atleta onenak. Inmormazio gehiago hemen.

Antxintxikako ordezkariak.

420 gaztetxo futbolean Mojategin

Jose Luis Ibarguren Txelis-en omenez egindako torneoan infantil txikiko 24 taldek hartu zuten esku. Barakaldok oso talde txukuna ekarri zuen, eta Santutxuri irabazi zion finalean. Txapelketa borobila izan zen, gaztetxo mordoa batu zituelako torneoak –Mondrak eman zien jokalari guztiei jaten–. Goizetik kanporaketa partiduak jokatu zituzten, eta arratsaldean izan ziren final-hamaseirenetatik aurrerako partiduak. Hala, sari banaketan Mondrako ordezkariei laguntzen izan ziren Udal ordezkariak –Inazio Azkarragaurizar alkatea–, eta AUKEAko presidente Joxerra Askasibar. Hemen argazkiak:

Txapelketako irabazle Barakaldo.

Arrasateko alkatea sari banaketan.

Jokalariak, euren txandaren zain.

Txapelketako partiduetako batean, lehian.

Epailearekin berbetan.

Santutxuk oso talde ona zuen.

Realeko ordezkariak, Jose Luis Ezkurrarekin.

Joseba Garate kluben arteko txapeldun

Arrasateko pilotariak Zestoan jantzi zuen Gipuzkoako txapela, Aurrera-Saiaz taldeko Urdanpilletari 18-14 irabazi ostean.

Joseba Garate.

Eibar onena, eta de Benitori omenaldia

Bergarako Gabonetako gazte mailako torneoan Eibar izan zen onena, Realari penaltietan irabazi ostean. Finalerdietan Bergarako eta Realeko ordezkariek Jose Felix de Benito zena omendu zuten. Bergarako taldean entrenatzaile eta delegatu izandakoaren omenez emazteak jaso zuen oroigarria.

Bergarako eta Realeko jokalariak, final-erdietan, omenaldiaren momentuan.

Bergarakoek eramandako kartela.

Aretxabaleta eta Aloña Ibarran onagusi

Eguaztenean jokatu zituzten Bixente Etxeandiaren omenezko partiduak. 2004 eta 2002an jaiotakoen artean Aretxabaleta nagusitu zen. Eta 2003koen artean Aloña Mendi. Informazio gehiago argazki galeriaz, hemen.

Txapelketa amaierako argazkia, Bixente Etxeandiaz batera.

Bergarako Gabonetako pilota txapelketa

Gabonetako Pilota Txapelketa jokatu zuten Bergaran –12 guztira– Abel Barriola izan zen sariak banatzen. Eta, Beñat Rezustak merezitako omenaldia jaso zuen.

Sari banaketa ekitaldian Abel Barriola izan zen.

Beñat Rezustari omenaldia, Elortza alkatea eta Gutierrez pilota sailekoa alboan dituela.

Bolintxo saria eta 3x3 Bergaran

Labegaraietan egin zuten infantil mailako II Bolintxo Saria saskibaloi txaplketa. Nesketan Zarauzkoak, eta gizonezkoetan Iraurgikoak izan ziren onenak. Horrekin batera, Bergarako pilotalekua saskibaloi kantxa bilakatu zuten Gabonetako hirunako txapelketa jokatzeko. Guztira 140 gaztetxo ibili ziren saskibaloian. Informazioa eta argazki galeria, hemen.

Txapelketako irabazleak, sari banaketa ekitaldian.

Hirunako saskibaloi txapelketako talde-argazkia.

Elgetako txapelketak baditu irabazleak

Hamazazpi bikote aritu dira aurten, eta 31n jokatu zituzten finaletan Zenitagoia-Elortza eta Elkoro-Irazabal izan ziren txapela jantzi zutenak. Informazio gehiago hemen.

Elgetako txapeldunak, sariekin.

Emakumezko futbolariak Aretxabaletan

Abenduaren 30ean jokatu zuten Realak eta Debagoieneko selekzioak Arizmendiren Gabonetako torneoko partidua, eta bigarren zatian gailendu ziren txuri-urdinak (4-0). Hemen informazio gehiago.

Debagoieneko selekzioko eta Realeko jokalariak, partidu amaieran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak