Arautu gabeko lehenengo beherapen aldia izango da oraingoa

Leire Kortabarria 2013ko urtarrilaren 3a

Aurten, lehenengo aldiz, beherapenak ez daude araututa, ez epe aldetik ezta iraupen aldetik ere: komertzio bakoitzak nahi moduan eta nahi beste asteetan egin ditzake beherapenak. Uztailean egin zuen komertzioaren gaineko lege berria Espainiako Gobernuak eta, besteak beste, beherapenak desarautu egin zituen.

Debagoienean eta Euskal Autonomia Erkidegoan, betidanik Errege biharamunean hasten ziren neguko beherapenak, baina dagoeneko komertzio batzuk hasi dituzte, batez ere hiriburuetan.

Facua kontsumitzaileen elkarteak salatu du beherapenak desarautzeak "kontrol eza" eragingo duela, izan ere, elkartearen esanetan, "erkidego autonomoek zailagoa izango dute behar diren ikuskaritzak, inspekzioak egitea".
Facuak gogor kritikatzen du uztaileko Errege-lege dekretua, izan ere, horrek "15 urtean izan direnaren parodia bihurtu ditu beherapenak". Facuaren iritziz, arau ezak "komertzio askok kontsumitzaileen kalterako egiten zituzten irregulartasun gehienak gertatzea ahalbidetuko du".

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramitatu egingo du urrian Andaluziako gobernu autonomikoak errege-dekretu legearen kontra aurkeztu zuen helegitea, erkidego-eskumenak errespetatzen ez zirela uste izanda. Kataluniak ere baztertu egin du errege-dekretu lege hori.

Facuak erkidegoetako gobernuak animatzen ditu ikuskaritza kanpainak egitera eta arauak betetzen ez dituzten komertzioak zigortzera.

Beste kontsumitzaile-elkarte batek, FUCIk, herritarrek batez beste beherapenetan zenbat gastatzeko asmoa duten neurtu du, inkesta baten bidez. Horren arabera, Euskadin, 85 euro gastatuko dira batez besteko, iaz baino 7 gutxiago eta Espainiako batez bestekoa baino 5 gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak