Aretxabaleta eta Aloña garaile Bixente Etxeandia Gabonetako futbol txapelketan

Mirari Altube Arrese 2013ko urt. 3a, 12:24

Atzo, urtarrilak 2, bukatu zen Bixente Etxeandia Gabonetako futbol txapelketa finalak jokatuta. 2004an jaiotakoen artean Aretxabaleta nagusitu zen; 2003an jaiotakoen artean, Aloña Mendi; eta 2002koen artean, Aretxabaleta. Mondra hiru finaletan egon arren txapeldunorde izanda konformatu behar izan zuen.

Futbol eskolen arteko Bixente Etxeandia txapelketak Bergara, Oñati, Arrasate eta Aretxabaletako 8 eta 10 urte arteko neska-mutikoak elkartu ditu Ibarra futbol zelaian. Abenduaren 26tik 28ra bitartean 400 bat neska-mutiko ibili ziren norgehiagokan, eta atzo, urtarrilak 2, finalak jokatu eta sariak banatu zituzten. Eguraldia lagun giro polita izan zen Ibarran egun guztietan.

Norgehiagoka biziak

2004an jaiotakoen arteko finala UDA eta Mondraren artean jokatu zuten. Etxeko taldea hasi zen irabazten baina segituan berdindu zuen Mondrak. Bigarren zatian hiru gol sartu zituen UDAk erreskadan eta lasaitu egin zen; hori aprobetxatuta Mondrak gora egin zuen eta ia berdintzea lortu. Bukaeran etxekoak nagusi: UDA 4 Mondra 3.

Mondrak eta Aloñak jokatu zuten 2003koen arteko finala. Hasi orduko sartu zuen Aloñak gola eta argi geratu zen nagusi izango zela; atsedenaldian 0-2. Bigarren zatian Mondrakoak gogotsu hasi ziren baina indarrak ahultzen joan zitzaizkien eta gol zaparrada jaso zuten. Bukaeran, Mondra 0 Aloña 8.

Norgehiagoka parekatuena 2002an jaiotakoek jokatu zuten, UDAk eta Mondrak, hain zuzen. Mondrak egin zuen lehenengo gola baina laster berdindu UDAk. Bigarren zatian UDAk gogotsu jardun zuen golaren bila, baina ezin. Azken bost minuturen faltan iritsi zen etxekoen gola, baita berdindu ere Mondrak azken minutuan. Hala, UDA 2- Mondra 2. Penaltietan erabaki zen irabazlea, eta hor ere oso berdinduta ibili ziren; azkenean UDA nagusi.

Bixente Etxeandiak, jokalari, entrenatzaile eta UDAko presidente ohiak, eta Alberto Albistegi ohorezko erregionaleko taldeko entrenatzaileak eman zizkien sariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak