Sortu berri diren 50 enpresa inguru batzen dira Adegiren Ekintzaileen Foroan, eta abendu bukaeran batzartu ziren, foroa sortu eta urte bete pasatxora. Bertan, ekintzaile horien esperientziak elkarbanatu eta Gipuzkoan ekintzailetzak bizi duen egoeraren azterketa egin zuten. Ordukoak dira dokumentu horretan batzen diren ideiak. Dokumentuaren helburua da "Gipuzkoa ekintzaile bat garatzen lagunduko duen proposamen irekia" izatea.
Dokumentu horren bidez, Ekintzaileen Foroak euskal ekintzailearen profila egiten du eta, hortik abiatuta, hainbat gauza proposatzen ditu: batetik, ekintzarako ideiak; gainera, epe ertainerako eta epe luzerako erronken ikuspegi eraldatzailea; eta, azkenik, Gipuzkoan enpresa berri eta berritzaileak sortzen lagunduko duen giroa garatzeko "presazko neurriak".
Tramiteak sinplifikatu beharra
Enpresak sortzen laguntzeko, hain zuzen, neurri praktiko batzuk proposatzen dituzte ekintzaile horiek: esaterako, ideiatik enpresa sortzerainoko tramiteak sinplifikatzea eta giza-kapitalaren konektibitatea bultzatzea; hori dena sektore publikoak eta pribatuak, biek lideratutako giro baten. Gainera, enpresak lehiakorragoak izaten laguntzeko, kooperazioaren eta lurraldearen aktibo-balioaren alde egiten dute Adegiren Ekintzaileen Foroko kideek.
Dokumentua honako helbidean dago: http://adegi.es/foroemprendedores/