Baionako taldea duela zenbait urte igo zen euskal rockaren tronura eta ez du jaisteko asmorik, ezta gutxiago ere: "AC/DCren eta Fugaziren arteko ezinezko batuketa moduan hasi zen taldeak ez du mugarik, etengabe hazten doa. Gaur egun Euskal Herrian ikus daitekeen talde indartsuena da", uste du Iker Barandiaranek.
Rockaz haratago, bestalde, Tolosa epizentro duen Glaukoma taldearen Vol.1 (Bonberenea Ekintzak) nabarmendu beharra dago: "Zerbait du talde honek oso ona dena: taldekideak gazteak dira, baina oso kantu sinesgarriak egin dituzte hitzei eta musikari begira, eta instrumentazio aldetik ere oso finak dira", uste du Barandiaranek. Villarren arabera, "beroa eta haize freskoa" ekarri diote euskal eszenari.
Era berean, Meido taldearen Double Dragon (autoekoiztua) diskoak berretsi du bilbotarrek rock trinkoa, gordina eta zuzena egiteko orduan adituak direla. Joseba Irazokiren Oso banda (Bidehuts) ere, azpimarratzekoa; Berakoa arduratu da musika guztiaz. Mikel Lizarralderen arabera, lau kantu besterik ez duen arren, "Joseba gure artean dagoen gitarra jole eta kantu egile onenetakoa da". Azkenik, Ze Esatek! eta Hesian taldeek "jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa" eman dute azken diskoekin, Oihan Vegaren arabera.
Nazioartean, denetariko aleak
Euskal Herriko ale ederrenak aukeratzea zaila bada, zer esanik ez mundu osoko disko esanguratsuenak zehaztea. Adele-ren21 izan da, ezbairik gabe, aipagarrienetako bat: "Bere ahots sendoak mundu osoa txunditu du. Soula gustuko duenak pasatzen utzi ezin duen lana eta soula ezagutzen ez duenarendako, berriz, miretsi beharreko ahotsa", dio Vegak. Era berean, Swans taldearen The Seer izan da "txundigarriena", Lizarralderen arabera: "Bizia, beldurgarria eta ostiko baten parekoa. Bi ordu irauten duen amesgaizto gozagarri bat". Nick Waterhous-en Time's all gone izan daiteke beste ale aukeratu bat. "Musika beltza darion maisulana" sortu du San Frantziskoko (AEB) gazteak, Villarren ustez.
AEBetan jarraituz, ezin Alabama Shakes taldearen Boys & girls aipatu barik utzi. Brittany Howard abeslaria da talde horrek duen arrakastaren errudun nagusia; 4 urte zituela osabarekin bluegrassa abesten zuen, 13 urterekin punk taldea osatu zuen eta orain talde entzutetsua sortu du: "Emakume horrek energia, maisutasuna –andereñotasuna– eta feeling ikaragarria ditu", dio Barandiaranek.
Bon Iver, Euskaldunan, "itzel"
Diskoak saltzea gero eta zailagoa den testuinguru honetan oso talde gutxi dira zuzeneko indartsurik barik arrakasta lortzen dutenak. Aurten, Bon Iver-ek Bilboko Euskalduna jauregian uztailean eskaini zuena nabarmendu beharra dago besteen gainetik. Fermin Etxegoienek "kontzeptu berri bat" zabaldu duelako aukeratu du urteko zuzenekorik onena moduan: "Itzela izan zen Euskaldunako saioa. Bikaina da tipoa, ezohikoa. Sekulako muntaia ekarri zuen argi zein irudiekin; oso originala izan zen, gertakari bat". Villarrek ere kontzertu hura nabarmendu du: "Indartsua eta hunkigarria izan zen, azkenaldian ikusi dudan kontzertu indartsuena".
Era berean, Jello Biafra-k Gazteizko Jimmy Jazz aretora egindako bisita ere aipatzekoa; Dead Kennedys punk talde mitikoko abeslariak Hard Ons eta Estricalla-rekin batera jo zuen. "Hunkigarria, bortitza eta mezu argigarriz betea" izan zen, Barandiaranen arabera. Herbeeretako The Ex talde beteranoak –30 urteko ibilbide ezkertiar kontsekuentearen irudi– Oiartzungo Kultura etxean emandakoa ere aipatu behar; "irekia eta apurtzailea", musikazale arrasatearraren ustez.
Euskal taldeei dagokienez, Berri Txarrak taldeak erakutsi du 2012an ere ohi bezain indartsu jarraitzen duela agertoki gainean: "Aipatzekoa da zuzenean eskaintzen duten ikuskizuna eta soinu gardena, ez da-eta erraza euren musika gogorrarekin halako soinu sendoa eta argia lortzea aldi berean", uste du Vegak. Etxegoienek ere "proiekziorik handien duen talde" moduan definitu zuen iaz, eta aurten ere urteko taldea izan da, haren ustez, batez ere "nazioartean lortzen duten miresmenagatik".
Etorkizuna eta eskarmentua
2012ak eman dituen talde aipagarriei dagokienez, Euskal Herrian ezin ditugu aipatu barik utzi Belako eta Gas taldeak. Lehenak Gaztea maketa lehiaketa irabazi du eta etorkizun oparoa du aurretik; izan ere, 2013an argitaratuko dute lehen lan luzea: "Kantu onak osatu dituzte eta, gainera, oso talde gaztea da; freskoa, etorkizuna bere alde duena", dio Villarrek. Oñatiko Gas taldeak ere merezi du Villarren aipamena, agertokian erakusten duten "nortasuna eta indarra" dela-eta: "Espero dut denborarekin hazi eta euren bidea egiten jakingo dutela".
Nazioartean, berriz, AEBetako Off! izendatu du Iker Barandiaranek urteko talde moduan. Bai, behintzat, Australiako The Drones eta Eskandinaviako The Soundtrack of Our Lives isilik dauden bitartean: "Off-en sortze urtea 2011 izan zen, baina taldea bizi-bizirik dago eta Euskal Herrian ikusteko irrikan gaude. Black Flag, Circle Jerks, Red Kross eta Rocket from the crypt taldeetan ibilitako zakur zahar hauek hardcore-punkaren arima inork baino hobeto zabaltzen dute. Benetakoenak dira, eskola zaharrekoak. 2011n Berlinen ikusi nituen eta punk-hardcorea iraganekoa dela diotenei zaplaztekoa eman diete".
Houston, 2012ko ahots itzalia
Nazioarteko musika albistea, zalantza barik, Whitney Houston-en heriotza izan da. Beste ahots handienetako bat itzali zaigu: "Tamalez, urtero joaten zaigu artista handietako bat", uste du Vegak.
Debagoienean zein Euskal Herrian, berriz, Bergarako Belceblues taldeari erreferentzia egin behar zaio. Bergararrek blues saria irabazi dute, Euskal Herriko Lehen Saria. Horregatik, Menphisen (AEB) kontzertua eskainiko dute. Euskal Herriko albisteekin jarraituz, Getxoko El Inqulino Comunista –Barandiaranen arabera, "Euskal Herriko noise-poparen errege bakartiak" – taldeak bizi-bizirik dagoela egiaztatu digu. Gainera, Kuraia taldea berriro ere elkartu izana ere izan da albiste, eta baita Euskal Herriko Musikarien Elkartea eratu izana ere. Eta noski, ezin aipatu barik utzi Iruñeko Balerdi Balerdi taldea, euskal power-poparen aitzindariak bueltatu izana; hori izan da, Etxegoienen arabera, urteko albistea. Lizarralderendako ere albiste pozgarria izan da 15 urte geldi egon ondoren "1990eko hamarkadako euskal pop talde maitagarrienaren" itzulera.
Albisteen artean ere izan dira aurreikuspenak bete ez dituzten taldeak; musika adituen artean, bluff moduan ezagunak direnak. Horien artean kokatzen du Vegak Mago de Oz taldearen Hechizos, pócima y brujería: "Abeslari berria topatu ostean, irrika handia piztu zuen disko berriak. Baina azkarregi egin dute: gaizki grabatua, erdipurdi editatuta eta euren aurreko kantuen kopia. Oso eskasa".
Negua ez da joan oraindik
Urte bateko diskorik onena aukeratzea zaila bada, ia ezinezkoa bihurtzen da abesti bakar bat nabarmentzea.
Euskal Herrian aurten ez da Zea Mays-en Negua joan da-ta kantuak eragin zuen fenomenorik izan. Horregatik badaude oraindik kantu hori aurten ere aldarrikatzera datozenak; Villarren kasua da hori: "Kantua 2010ekoa bada ere, 2012an ere Zea Mays taldearen Negua joan da-ta izan da urteko euskal abestia. Belaunaldi bat markatu duen kantua da eta hori lortu izana txalotu beharra dago". Euskal Herriko mugetatik haratago nabarmentzea merezi duen kantuetako bat izan da Spiritualized taldearen Hey Jane: "Rock-and-rolla, gospela eta nahi duena nahasten duen hamar minutuko pieza ederra" da, Lizarralderen arabera.
Oparietarako proposamenak
Gabonak opariak egiteko urteko garaia izanik, proposamen bila jo dugu musika egunero gertutik jarraitzen duten aditu eta musikazaleen bila. Mikel Lizarraldek hainbat lan proposatu dizkigu, besteak beste, Beach House taldearen Bloom, Dominique A-renVers les lueurs, Wild Nothing-enNocturne, Klaus & Kinski taldearen Herreros y Fatigas, Lambchop-enMr. M eta Sean Rowe taldearen The Salesman and the shark.
Oihan Vegak hiru disko nabarmendu ditu beste guztien gainetik: Adeleren 21, Bruce Springsteen handiaren Wrecking Ball eta, erromantikoenendako bereziki, Michel Bubleren Christmas.
Fermin Etxegoienen arabera, honako hiru disko hauek dira aurten Gabonetan oparitzekoak: Seiurte laukote bizkaitarraren Atlantida, Silvia Perez Cruz musikariaren 11 de Novembre eta Cat Power taldearen Sun.
Arkaitz Villarrek, ordea, euskal taldeen aldeko apustua egin du Gabonetan oparitzeko zer gomendatu erabakitzeko orduan: "Hiru disko hauek originaltasunagatik aukeratu ditut", dio. Joseba Irazoki nekaezinaren Oso banda, Anai Arrebak-en Anai arrebak diskoa eta euskal kantuak mush up bezala aurkezten dizkiguten Trifulca Posse taldearen azken lana.
Proposamenekin amaitzeko, Iker Barandiaran musikazale arrasatearrak ere Euskal Herrian egiten den musika oparitzeko hautua egin du. Barandiaranek ere Anai Arrebak Pasaiako disko eta post-rock taldearen izen bereko diskoa proposatzen du. Horrez gain, Arrasateko Anger taldearen Hirugarren Azala eta Xabier San Sebastianen Erraiak diskoak gomendatu ditu.







