Edurne Pasaban: "Eduki dudan unibertsitaterik onena izan da mendia"

Txomin Madina Milikua 2013ko urt. 2a, 12:00

Zortzimilako guztiak zapaldu dituen lehen emakumeak Objetivo: confianza liburua eta Rope up pelikula aurkeztu ditu, Everest mendia oxigeno gabe igotzeko iazko saiakera oinarri dutenak.

1. Objetivo: confianza-k gailurrera heldu ez zinen espedizio bat du oinarri. Porrotetatik gehiago ikasten da?

Guk nahi izanez gero bai. Uste dut porrotetatik ikasi egin behar dela; hori da liburuak erakusten duena: etxera heldu eta analisi bat egiteko gaitasuna izatea, ondo irten ez diren proiektuetatik ikastekoa.

2. Pelikula baterako ere eman du espedizio hark.

Bi helburu zituen espedizioak: Everest oxigeno gabe igotzea eta telebista saio bat egitea. Liburuarekin hastean pentsatu genuen, irudiak edukita eta hainbeste lan eginda, pelikula egitea. 

3. Mendia, unibertsitate alternatiboa izan duzu?

Eduki dudan unibertsitaterik onena izan da. Asko irakatsi dit: umila izaten eta besteengan konfiantza izaten; nire autoestimua ere asko landu du mendiak. 

4. Hamalaugarren zortzimilakoa igotzeko metro gutxi batzuk geratzen dira; zer duzu buruan?

Egindako bide guztia; galdutako lagun denak; eta baita ere bizitza bide batetik eroateko egin nuen apustua erabaki ona izan zela.

5. Heriotza, zein puntura arte dago presente espedizio baten?

Hor dago, errealitatea den gauza bat da. Gutxi hitz egiten den kontua da, armairu barruan daukazuna; baina badakizu hor dagoela.

6. Kritiken aurrean, zer?

Kritikak gogorrak izan arren ondo arrazoituta badaude onartu egin behar dira, eta euretatik ikasi behar da. Kritikatzeagatik egiten diren kritikei ez diet kasurik egiten, baina mina ematen dute.

7. Hamalau zortzimilakoen artean, nondik dago paisaia politagoa?

K2-kotik. Berandu heldu ginen eta jaisten, eguzkia atzetik sartzen ari zela K2-ren itzala bailaran ikustean galdetu nuen: "Zer da hori?". Konturatu nintzen goitik bakarrik ikusi zitekeela hori.

8. Mendiko arropekin ez ezik, sarri ikusi zaitugu aldizkarietan dotore-dotore. Nola erosoago?

Mendikoekin! Aldizkarietan ateratzea ohitura kontua da, urteekin ez zait hainbeste kostatzen. Baina intimitatea ere badut; aldizkarietan, zuk ondo zainduz gero, zeuk nahi duzuna ateratzen da.

9. Oporretan, mendia ala hondartza?

Asko joaten naiz mendira, baina hondartza zalea ere banaiz. Donostian bizi naiz eta udan oso gustuko dut hondartza. Surfarekin hasi naiz, baina oso txarra naiz; hori ikastea da nire helburuetako bat!

10. Gabonetako jatorduak gainean ditugu. Tentazio askori esan beharko diezu ezetz?

Seguru! Baina aurreko urteetan, punta-puntan egonda, askori ezetz esan diet eta ez zait gehiegi kostatu; beraz, orain ere ez.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Nire bizitzan aldatuko nukeena da nik neuk niretzako, lagunendako eta familiarentzako denbora gehiago izatea. Gizartean aldiz, egingo nuke jendea zintzoagoa izatea, ez izatea hainbeste inbidia eta elkarri bizitzen uztea: norberak bere bizitza egitea ondokoari begiratu gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak