2013rako aurrekontuari egindako zenbait zuzenketa ere onartu dituzte Batzar Nagusietan, Bilduren aldeko botoarekin eta EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin. PPk bakarrik bozkatu du aurka, eta Rebeka Ubera Aralarreko batzarkide bakarrak ez du bozkatu, legebiltzarkide hautatu ondoren haren ordezkoak ez du-eta oraindik batzarkide akta hartu.
Aurrekontuaren bozketan, egoera ekonomikoa kontuan izanda, “erantzukizunez” jokatzea erabaki dutela adierazi du Romero bozeramaile sozialistak, eta bere alderdiaren “ekarpenek” aurrekontua “hobetu” dutela gaineratu. Horrela arrazoitu du PSE-EEren abstentzioa eta aurrekontuari aurrerako bidea eman izana. Gainera, “leialtasuna” eskaini du Bildurekin egindako akordioa bete dadin.
Koalizio abertzalearentzat ere “aberasgarria” izan da akordioa, eta Bilduren “gobernatzeko era” erakusten duela nabarmendu du. Aurrekontu “aurrerakoia” dela adierazi du Idoia Ormazabal bozeramaileak, egungo egoera ekonomiko larrira egokitutakoa. Martin Garitano ahaldun nagusiak gainerartu du Bilduk eta PSE-EEk eginiko akordioak aurrekontuak “aberastu” dituela, batez ere enplegu eta sustapen alorrean. Aralar eta PSE-EEren jarrera eskertu du Garitanok, akordiorako nahia agertu izanagatik.
EAJk, berriz, azpimarratu du Bilduren aldeko botoarekin “bakarrik” onartu direla aurrekontuak. Bozketan abstenituta, alderdi jeltzaleak “koherentziaz” jokatu duela esan du Markel Olanok, euren helburua delako instituzio guztietako aurrekontuak aurrera ateratzea. Baina Olanoren esanetan hiru hutsune nabarmen ditu aurekontuak: krisialdi ekonomikoari aurre egiteko estrategiarik ez izatea, gizarte politiketarako diru sailak “murriztea” eta “iruzur egitea” hondakinen kudeaketen alorrean.
Bilduk eta PSE-EEk bederatzi zatikako zuzenketa adostu zituzten joan den astean.10 milioi euroren inbertsioak aurreikusi dituzte, bereziki, ekonomia eta enplegua sustatzeko neurrietarako (7,6 milioi euro). Horrekin batera, azpiegitura batzuentzako diru sailak adostu dituzte (ia 3 milioi euro); bereziki, sozialistek agintzen duten udalerrietarako.
Akordioan ere bi aldeek askatasuna eman diote elkarri hondakinen arloan nahi duten botoa emateko.