Idoia Sara: "Argi eta garbi, zintzotasunez hitz egin behar zaie heriotzaz umeei"

Maider Arregi 2013ko urt. 5a, 01:00

Heriotzaren trataera eskolan izeneko lana saritu dute MUko ikasleen euskarazko gradu amaierako proiekturik onen moduan. Idoia Sarak psikopedagogia ikasketak egin ditu; hura da egilea. Bizipen pertsonal batek bultzatu du gai horri buruz idaztera:

Heriotzaren trataera eskolan izeneko gaia aukeratu duzu. Nolatan? Zerk bultzatuta?

Bizipen pertsonal batetik abiatutako gaia da. Psikopedagogiako bigarren maila egiten ari nintzela, ustekabean bikotekidea hil zitzaidan. Garai hartan bi alaba genituen, 8 eta 2 urtekoak. Alabekin eta familian bizitzen ari ginen giroaz eta egoeraz oso kezkatuta nengoen. Hala, heriotzaren eta heriotzaren pedagogiaren inguruan irakurtzen hasi nintzen. Konturatu nintzen bibliografia dezente dagoela horren gainean; baina, bestalde, hutsune bat sentitu nuen familian eta eskolan. Irakasleak ez zekiten ongi nola heldu gaiari. Eta hala, hasi nintzen kezka guztiak batu eta gaia lantzen eta forma ematen. Ekarpen polita izango zela uste nuen eskolan lantzea heriotzaren gaia.

Eskoletan hutsunea dagoela diozu. Nola jokatzen da kasu horietan?

Nire esperientziaren arabera esan dezaket momentuari aurre egiten zaiola ahal den moduan. Heriotza hurbil gertatzen denean, irakasle bakoitzak ahal duena egiten du. Zoritxarrez, gehienetan ez gaude ongi prestatuta, beldurrak ditugu eta tabuak daude gizartean eta eskolatan. Ahal den moduan heltzen zaio. Askotan baliabide gutxirekin eta lagunen laguntzarekin tratatzen da, modu inprobisatuan; baina heriotzarena gai oso serioa da.

Gizartean tabu izaten jarraitzen du, batez ere umeekin berba egiterakoan.

Heriotzaz berba egitea ez zaigu gustatzen, ez da erreza. Eta tokatu arte ba ez dugu hitz egiten ezta ere gizartean. Gure gizartean dauden baloreak beste mota batzuetakoak dira. Ez zaigu gustatzen tristezia moduko sentimenduak erakartzen duten egoera. Orduan, existituko ez balitz bezala jarduten dugu, baztertu egiten dugu. Batzuetan babestu nahian ez eta garelako eroso sentitzen, beste gauzetaz mintzatzen gara eta ez heriotzaz. Ondorioz, kontrako efektua lortzen dugu. Babesik gabe uzten ditugu eta behar den giza eredua ez diegu ematen; ez ditugu emozionalki prestatzen, osasuntsu izaten.Oraindik ere hor dago gizartean jarrera hori. 

Lan onen ardatz nagusiak zeintzuk dira?zein izan da prozesua?

Hasieran banekien gaia landu nahi nuela. Gai oso zabala eta konplexua da; eta ez nekien zehatz zer hartu zer utzi. Gehienbat gizarte mailan landuak daude dolu prozesuak. Baina garbi nuen hori ez nuela landuko. Horretarako espezialista daude eta ez nuen nire burua ikusten hor. Nire arloa gehiago da pedagogia, modu prebentiboa lantzea. Niretzako, garrantzitsuena, heriotzaren pedagogia sustatzea eta bultzatzea zen. Heriotza gertakaria izan  baino aurretiazko baldintzan aritzea, alegia. Proiektuaren marko teoriko batean azaltzen dut heriotzaren gaia tratatzearen garrantzia eta aldarrikatzen dut heriotzaren pedagogia, batzuek diote biziaren pedagogia dela ere; atala inportantea da. 

Bestalde haurrei ere hitza eman nahi izan diezu.

Bai. Proiektuaren beste atal batean bost urteko umeek zer dakiten, zer uste duten heriotzaren inguruan jakin gura nuen. Gauza asko dakizkite, uste duguna baino gehiago. Horrek erakutsi zidan badela haien interesgunea. Dakizkiten gauza gehienak, erritoekin lotutakoak dira –hiletekin–; fantasiarekin ere nahasten dute heriotza –marrazkietan ikusitakoarekin–. Naturaltasun handiz hitz egiten dute heriotzaren inguruan gainera.

Interesatzen zitzaidan ere irakasleek eta hezkuntzako profesionalek zer zioten. Ea nire moduan ikusten zuten eskolan hutsune bat bazegoela. Galdetegi batzuen bitartez egin nuen ikerketa. Ondorioetan atera zen irakasleak baliabide gabe daudela, hain justu ere.

Literatura eta ipuinak.

Proposamen txiki bat egiten dut, literatura eta ipuinak erabiltzea heriotza lantzeko. Izan ere, eskola baliabide oso ona da liburuendako eta litueraturarendako. Sentimenduak nagusiki lantzen dituzten liburuak naturaltasunez eskoletan txertatzea eta lantzea gurako nuke. 

Beste edozein gai moduan landu behar da?

Heriotzaren pedagogiak naturaltasunez hitz egin eta landu behar dela dio. Beste edozein gai balitz moduan. Haurrengan badago  interesa eta horri erantzuna eman behar zaio. Nolabait, hezkuntza osatuago eta humanoago baten alde eginda. 

Zer da gaizki egiten duguna?

Gure beldurrak transmititzen dizkiegu; hori ekidin behar da. Naturaltasunez eta zintzotasunez hitz egin beharko genuke; barrutik, sentimenduetatik. Onartu behar dugu denendako erantzunik ez dugula. Lasaitasunez hitz egin behar dugu umeekin; haurrak oso trebeak eta azkarrak dira eta ondo markatzen dute noraino jakin nahi duten. Argi eta garbi, zintzotasunez hitz egin behar zaie. 

Aholku berak, adin ezberdinetako umeendako?

5 urtekoek eta 15ekoek ez dute berdin ulertuko; zalantzak ere ezberdinak izango dira. Baina moduak berdina izan behar du: zintzotasuna eta argitasuna. Kontuan hartu behar dira adin bakoitzaren ezaugarriak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak