Iñaki Uribe-Etxebarria: "Asmoa ez da eliteko atletak batzea, eta bai eskoriatzarrak korrika egitera animatzea"

Xabier Urtzelai 2012ko abe. 30a, 01:00

Urteko azken eguna lagunartean korrika eginez agurtzea da Oñatiko eta Eskoriatzako San Silbestreak prestatzen dabiltzanen helburua. Iñaki Uribe-Etxebarria (Eskoriatza, 1987) dabil beste lagun batzuekin batera Eskoriatzako hitzordua prestatzen, eta garbi du helburua: "Herrian egun horretan giro polita sortzea, eta herritarrak kirola egitera animatzea". Gainera, Eskoriatzako hitzorduak badu berezitasunik, ibilbidearen lehenengo kilometroak korrikalari guztiek batera egiten dituztelako, eta lasterketako azken miliak Manuel Muñozen izena darama.

Bost urte egingo ditu Eskoriatzako San Silbestre lasterketak, baina azken bi urte hauetan bultzadatxoa eman diozue.

Bai, herri mailako lasterketa hau bultzatu nahi dugu, aitzakia aproposa delako urteko azken egunean Eskoriatzako kaleetan giro polita sortzeko. Ez ditugu elite mailako atletak nahi, hori ez da helburua, eta bai herritarrak proban parte hartzera animatzea. Nagusi bat baino gehiago dago ibilbidea osorik amaitzen ez duena, eta zer? 500 metro gustura egiten baditu, gu pozik. Jai-giroa sortzea da asmoa.

Nondik nora dator urteko azken egunean lasterketa antolatzeko ohitura hori?

Egunotan begira ibili naiz, eta antza sasoi batean Frantzian urteko azken egunean korrika egiteko ohitura handia zuten. Gero, 1924. urtean Brasilgo Sao Paulo hirian hasi ziren lasterketa hori egiten, eta ordutik hona asko hedatu den kirol hitzordua da, eta Eskoriatzan ere ez dugu atzean geratu gura [Barre].

Azal iezaguzu zer prestatu duzuen hilaren 31rako. 

Goizeko 10:30ean gaztetxoen lasterketaren aurretik herriko plazan batuko ditugu, eta bakoitzak bere dortsala marrazteko aukera izango du. Ondoren, gaztetxoekin Intxaurtxuetara joango gara, handik hasiko delako lasterketa. Gaztetxoen lasterketa 12:00etan hasiko dugu, eta kiroldegitik plazara arteko 500 metroez gain, plaza inguruko kaleetan hainbat itzuli egingo dituzte, adinaren arabera. Ondoren, 12:30ean txistor-jana egingo dugu.

Eta arratsaldean nagusien hitzorduak izango dira. 

Bai, ea goizean haurrak ikusita arratsaldean gurasoak animatzen diren. 17:25ean brindisa egingo dugu, xanpainaz, eta 17:30 hasiko da nagusien lasterketa. Ibilbideak 7 kilometro inguru ditu, herri barruan, baina lehenengo kilometroak denok elkarrekin egingo ditugu lasai-lasai. Ondoren, lasterketa amaitzeko milia bat geratzen denean, kilometro eta erdi pasatxo, aurrera egin nahi duenak libre izango du, eta horien artean egongo da jokoan II. Milia Eskoriatzarra, Manuel Muñoz saria. Eta amaitzeko luntxa egingo dugu.

Zer egin behar da lasterketa horietan izena emateko?

Goizean eta arratsaldean, lasterketak hasi aurretik plazan egongo gara izenak hartzen, eta bertara gerturatzea baino ez dago. Hala, ea eskoriatzarrak animatzen diren, aurreratu moduan, urtea jai-giroan amaitzeko.

-----------------

Oñatin ere San Silbestre proba

Antxintxiketan Atletismo Taldeak antolatuta, Oñatin ere San Silbestre 12 ixa 13 lasterketa egingo dute abenduaren 31n. Gaztetxoen lasterketa 16:00etan hasiko dute, eta nagusiek 16:30ean izango dute hitzordua. Bada, lasterketan parte hartzeko, proba hasi baino apur bat lehenago hartuko dituzte izenak (3 euro). Urtero moduan, ibilbideak zazpi kilometro izango ditu, Oñatiko erdiko kaleetan zehar. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak