Gabonetako egunetan izango diren hitzorduen berri izateko, leku ezin aproposagoa izango da Goiena.net ataria. Gabonak deituriko atalean, egitarau osoa jaso dugu, egunez egun: kirol hitzorduak, ume eta gaztetxoei zuzendutakoak, musika kontzertuak, antzerki emanaldiak… guzti guztiak aurkituko dituzu bertan. Eta ez hori, bakarrik: "Urte berri on!" modu berezi batean nola esan jakin nahi izanez gero, edo sormena garatzen duten jostailuen berri izan, urtean zehar kanpoan bizi eta Gabonetarako etxera itzultzen direnen historia ezagutu nahiz menurako ideiak hartu nahi izanez gero, goiena.net-en duzue horretarako aukera.
Horrekin batera, gertutik jarraituko dugu Debagoieneko egunerokoa eta bertan aurkituko duzue gurean gertatzen denaren berri, eguneko 24 ordutan; eta hitzordu bereziei, zehazki, arreta berezia eskainiko diegu: Tobera eta Peter Pan iruditan, aurrekontuak onartzeko osoko bilkurak herrietan…
Telebista
Goiena telebistan ez da ohiko programazioa izango: albistegia eskainiko dizuegu abenduaren 26an, 27an eta 28an eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an (14:45ean, lehen pasea); aldiz, atseden hartuko dute Magazinea, Harmailatik, AsteOn, Gipuzkoa Kultura eta Planik bai? Saioek.
Ekogune-ri dagokionean, aldiz, hilaren 26an saio berri bat ikusteko aukera izango dugu, 22:00etan: Orexan, zero zabor herria bilakatzeko bidean egin dituzten aldaketen gaineko erreportajea aurkeztuko du; Emauseko Manu Mendezi zaharkitze programatuari buruz egindako elkarrizketa; eta plan berdea: Oiartzungo Arditurri parketxean ikazkintzari eskainitako astea (txondorra nola egiten duten…). Julen Iriondok zuzendutako saioak atseden hartuko du urtarrilaren 2an, eta 9an itzuliko da.
Baina, Gabon egunotan, saioa bereziak ere izango dira:
- Santamasetako saio berezia: abenduaren 22an, zapatua, 21:40ean.
- Santamasetako bertso jaialdia: abenduaren 26an, eguaztena, 20:30ean.
- Tobera: urtarrilaren 3an, eguena, 20:30ean.
- Peter Pan: urtarrilaren 5ean, zapatua: 20:10ean.
Paperekoa
Hilaren 24an, astelehena, paperekoa iritsiko da gure etxe eta kioskoetara, asteburuan gertatutako guzti guztiaren berri emanez, ohikoa den legez.
Urtekaria izango da esku artera helduko zaigun hurrengo paperekoa, abenduaren 28an, egubakoitza. Urtean zehar Debagoieneko herrietan izandako gertakarien errepasoa egingo du; bailarako aurpegi ezagunek urteko onena eta txarrena moduan zeintzuk eta zertzuk aukeratu dituzten jasoko du; eta tarte berezi bat egingo dio musikari, musika adituen eskutik urteari errepasoa eginez.
Arrasate Irratia
Bihar, Santamas eguna, Arrasate Irratiko Igo Autobusera! irratsaioak garajeko ateak itxiko ditu datorren urtera arte. Gabonak amaitu ondoren itzuliko da bueltan, FMko 107.7an, berritasunez beteriko zuzeneko irratsaioekin.
Abenduaren 23tik urtarrilaren 7a arte, atsedenaldia egingo du Asteko Gainbegiratua saioak ere. Hori bai, FMko 107.7an 24 orduz atzo eta gaurko Euskal Herrian egin den musikarik onena entzuteko aukera izango da.