Berezia izango da zuendako 2013a.
Bai, hala da. Oso berezia da datorren urtea, 25 urte betetzen ditugulako. Luzaroan gabiltza urte berezi horretako ekitaldiak antolatzen.
Dagoeneko ospatzen hasi zarete, liburua aurkeztu berri duzue-eta, ezta?
Bai. Minbizia gutxitzea da gure elkartearen egiteko nagusia. Gure indar guztiak bideratzen ditugu hori lortzera. Hori horrela, jakin badakigu elikadurak osasunarekin zerikusi zuzena daukala. Eta aurtengo egiteko garrantzitsua izan da liburu hau, A tu salud izenekoa, argitaratzea. Gipuzkoan sukaldari handiak ditugu; horietako 50 sukaldarirengana jo dugu, eta euren errezetak utzi dizkigute. Osasunari begirakoak dira. Jendarteari esan nahi diogu osasuntsu bizi izatea, ondo elikatzea, gure esku dagoela-eta, hala eginez gero, gaixotasun asko saihestu daitezkeela.
50 sukaldari baino gehiagoren errezetak dira. Zeintzuenak?
Arzak, Arbelaitz, Xarma, Gaztelubide, Etxeberri… 50 jatetxetako sukaldariek eginak. Horretaz gain, baina, gozogileak edo gozotegiak ere batu ditugu. Donostiako xaxuak zela egin, esaterako, jasotzen dugu. Norbaitek esango digu halako gozoak jatea osasuntsua ote den. Eta egia da egunero jateko ez direla, baina ona da halakoak, neurrian, noizean behin jatea.
Zeinendako da liburua?
Pertsona guztientzat. Osasuna egunero zaindu beharrekoa da, eta egia da liburua gustura hartuko duela bereziki sukaldaritza edo elikadura interesatzen zaionak, baina edozeinendako da interesekoa. Olentzero datorrela-eta opari polita izan daiteke. 10 eurotan eskura daiteke, Elkarren.
Liburuaz gain, beka batzuk ere aurkeztu dituzue…
Bai. Gure elkarteko bazkideen ekarpenari esker, hiru beka plazaratu ditugu ikerketa lanetarako. Gibeleko minbizia ikertzeko, eta abar.
Datorren urteari begira, zer?
Gure aurreikuspena da hilero, gutxienez, ekimen bat antolatzea. Esaterako, urtarrilean beste egoitza bat irekiko du elkarteak; izan ere, helburua da gipuzkoar guztiengana heltzea. Donostian, Irunen, Zarautzen eta Tolosan baditugu egoitzak; aurrerantzean, Zumarragan ere bai, han irekiko dugu-eta egoitza berria. Minbizia duten gure elkarteko kideengana hurbildu nahi dugu, ahalik eta zerbitzu onena emateko.
Berbaldiak-eta ere bai, ezta?
Bai, eta pertsona ospetsuak etorriko zaizkigu, gainera. Esate baterako, maiatzean, Donostian izango ditugu Eduardo Puntset eta Mariano Balbacid. Ikerkuntzan, osasun arloan, minbiziarenean… egindako lanagatik nabarmendu da Balbacid, eta Puntsetek minbiziari aurre egin dio, eta gaixotasuna gainditu. Gustu handiz hartu dute gure gonbita, eta guretako ohore handia da.
Gure eskualdera ere hurbilduko zarete…
Bai, hala da. Azaleko minbiziaren gainean jardun izan dugu aurretik, eta, oraingoan, furgoneta bat hartu eta Gipuzkoan barrena murgilduko gara, eskualdez eskualde; Arrastera ere helduko gara. Udari begira kanpaina indartsua egingo dugu, gure helburua baita lurralde osora, herritar ororengana, heltzea. Bestalde, martxoan, koloneko minbiziaren gaineko kanpaina bat egingo dugu.
Elikadurarekin lotuta hori ere?
Bai. Basque Coulinary Centerrekin hitzarmena sinatu dugu, ze, koloneko minbizian, garrantzi handia baitauka elikadurak. Elkargune gastronomikoak egingo ditugu Gipuzkoako 12 bat herritan. Medikuek, elikagaian adituek, sukaldariek… hainbat aholku emango digute, koloneko minbizia saihesten laguntzeko modukoak. Horretaz gain, sukaldari batek, etxean, erraz eta merke egiteko moduko errezetak erakutsiko dizkigu.
25 urte ez dira alferrik pasa; asko dira bultzatu dituzuen ekimenak?
Ez. Hastapenetan, esaterako, gaur egun onkologikoa den horretarako lehen makina erosteko diru bilketa egin genuen. Hura izan zen elkartearen lehenengo ekimena.
Gaur egun zenbat bazkidek osatzen duzue elkartea?
5.500 bazkide inguruk eta beste 1.100 boluntariok.
Azken urteotan hazi da, bereziki, bazkide kopurua?
Bai. Azkeneko bost urteotan, bereziki, ze duela bost urte 800 bazkide baikenituen. Eskerrak eman beharrean nago, bazkide horien ekarpena dela-eta egiten ditugu-eta ekimen hauek guztiak edo ematen dugu zerbitzua.
Zergatik halako hazkundea azkeneko urteotan?
Arrazoi askorengatik: alde batetik, prebentzioan eta ikerketan indar handia egiten gabiltza, hor dagoelako etorkizuna. Horrek asko mugiarazi gaitu eta jendea asko sentsibilizatu da.