"PSE-EErekin lortutako akordioaren bidez, hasiera hasieratik, jarritako helburua bete dugu. Foru Gobernu honek, aurrekontu egokiak lortzeko lan handia egin ondoren, horiek aberasteko elkarlanerako deia egin zuen aurreproiektua Batzar Nagusietan aurkeztu bezain laster. PSE-EErekin lortutako akordioarekin helburu hori bete dugu", adierazi du.
Ahaldun Nagusiaren hitzetan, akordioaren muina lurralde garapena eta enplegua dira eta akordioa posible izan da planteamenduak Foru Gobernuak egiten dituenarekin bat datozelako eta bi aldeak gogotsu aritu direlako zuzenketak adosteko garaian. "Aldundiari dagokion tamainan Gipuzkoako ekonomia eta ehun produktiboari laguntzeko bide emango dute", gehitu du.
EAJri kritika
EAJri akordioa baldintzatzen saiatu izana egotzi dio, baina ez duela lortu azaldu: "Gobernuak argi du hondakinen inguruko akordioa lortzea ona dela, desiragarria, eta hain zuzen horregatik erabaki zuen gaia aurrekontuen eztabaidatik ateratzea, eztabaida horrek ez baitu aurrekontuekin zerikusirik. EAJ kontrako norabidean aritu da, baina ez du lortu".
Lehen erakundea
Martin Garitanok azpimarratu du baita ere Gipuzkoa dela 2013ko aurrekontuak onartzen lehen erakundea, eta aurrekontu "egokiak" egin dituela gainera: "Egoera ekonomikoa oso zaila izan arren, eta diru sarrerak murriztu diren arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakin izan du 2013ko aurrekontuak garaiz eta, batez ere, ganoraz prestatzen. Ez da erraza garai latz hauetan aurrekontu egokiak egitea, baina Aldundiak lortu du, behar beharrezko ez dena alde batera utzita eta benetan funtsezkoa dena indartuz: gizarte politika bultzatuz eta Madrildik inposatu nahi diren murrizketei aurre eginez".
Gobernuak lanean jarraituko duela eta datorren urteari indarberriturik ekingo diola esanez bukatu du agerraldia.