Sare elektriko adimendunei buruzko mintegia egin dute MUn

Goiatz Arana Begiristain 2012ko abenduaren 20a

Konpainia elektrikoen eta azken kontsumitzailearen arteko harremanak aldatzen ari dira gaur egun, sare elektriko adimendun edo SmartGrid-ei esker. Hori dela eta, Mondragon Unibertsitateak mintegi bat egin zuen atzo, eguaztena, Garaia Berrikuntza Gunean, Energiaren Clusterraren laguntzarekin. Sare adimendun edo SmartGrid-en inguruko kontzeptu orokorrak, sare elektrikoan aurreikusitako eboluzioa eta aldaketak, eta horien garapena bultzatzen duten teknologia nagusiak azaltzea izan zuten helburu. 

Izan ere, ohiko sare elektrikoa, sorkuntza zentralizatua izateko diseinatua eta norabide bakarreko garraio eta banaketa sarea duena, bilakatzen ari da eta, eta horren ordez etorriko den sareak informazioa ulertu, barneratu, landu eta erabiltzeko gaitasuna izango du, informazio eta komunikazio teknologiei (IKT) esker.

Gauzak horrela, argindarra banatzeko sareek helburu horiek lortzeko ahalmen handia dute, sare adimendun edo SmartGrid-en garapenari esker.Sare horiek erraztu egiten dute banatutako sorkuntza eta mikrosorkuntza –energia  berriztagarrien sorkuntza barne hartuta– eskariarekin integratzea. Horri esker, hobeto kontrolatu ahal izango dira muturreko kargak eta energia-eraginkortasuneko programak.Gainera, eskariaren kudeaketa lagungarri izango da erabiltzaileak kontzientzia hartzeko, etxeko faktura elektrikoa murrizteko aukera emango baitio.

Mintegian parte hartu dutenek bertatik bertara ikasi ahal izan dituzte sare adimendunen inguruko kontzeptu orokorrak, egungo egoera, esku hartzen duten teknologiak, sare horiek hedatzeko egungo kasu errealak eta tartean diren eragile nagusiak.Azken finean, inguruko enpresek gai horri buruz gehiago jakitea, eta, horrela, epe laburreko eta ertaineko ikerketa-lehentasunak finkatzea eta etorkizuneko merkatuko aukerak aurkitzea nahi izan du MUk jardunaldiaren bidez.

Lau aditu

Sevillako Unibertsitateko Antonio Gomez Expositok azken hamarkadetako hobekuntza teknologikoak berrikusi zituen, gaur egun proposatzen diren hobekuntzak testuinguruan kokatzeko.

Iberdrolako Alberto Sendin Escalonak sare elektriko adimentsua hedatzeko informazio-teknologiak nola erabili behar diren argitu zuen.

EAEn SmartGrid-ak ezartzeko lehen urratsak ematen ari dira dagoeneko, Bilboko eta Portugaleteko hirigunean, eta gero esperientzia hori Erkidegoko beste eremu batzuetara hedatzeko asmoa dago.

Gas Natural Union Fenosako David Trebolle Trebollek eta Energiaren Euskal Erakundeko Txaber Lezamiz Condek ere hitz egin zuten; azken horrek EAEra ekarri zuen aurreko hizlariek azaldutako ikuspegia, hemen energiak bizi duen egoerara, hain zuzen. Sare adimendunak Euskadi 2020 Energia Estrategiaren (3E2020aren) baitan kokatu zituen, eta euskal enpresek estrategia horren barruan izango duten zeregina azaldu. Euskadiko 2020 Energia Estrategiaren (3E2020ak) helburu nagusietako bat da lehen mailako energia-kontsumoan 2008ko maximo historikoa ez gainditzea, 2020an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak