Debagoieneko dendetako erakusleihoak prest lehiaketarako

Amaia Garate 2012ko abenduaren 20a

Aurten ere Debagoienako hainbat herrietako erakusleihoak apaintzen hasi dira jada. Datozen egunetan izango dira sari banaketak.

Oñati

Zapatuan Udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango da sari banaketa, 13:30ean. Bihar, eguena, da azken eguna botoa emateko.

Guztira herriko 41 komertziok eman dute izena Udalak eta Txandak antolatu duen Gabonetako erakusleiho lehiaketarako.

Udalak 4.500 euro banatuko ditu saritan: lehenak, 1.500 euro irabaziko ditu; bigarrenak, 1.000 euro; hirugarrenak 500; laugarrenak 300 eta bosgarrenak, 200. Gainera, 500 euro jasoko ditu urtean zehar erakusleiho aldaketa gehien egin dituen komertzioa.

Aretxabaleta

Aretxabaletara nobedadeekin dator aurtengo erakusleiho lehiaketa. Hala, ez da egongo izenik eman beharrik eta herriko denda guztiek hartuko dute parte. Hori bai, erakusleiho horiek abenduaren 15etik 31ra bitartean izan beharko dituzte apainduta. Gainera, argiztatuta izatea 21:00ak arte eskatu dute, epaimahaikoen lana samurtzeko.

Saria erakusleiho bakarrak jasoko du eta izango da plaka bat. Plaka hori urtero lekuko moduan pasatuko dio aurreko urteko irabazleak hurrengoari. Plakarekin batera ezusteko oparia ere jasoko du.

Irabazlearen berri urtarrilaren 6a baino lehen emango du epaimahaiak.

Arrasate

Arrasateren kasuan, Ibai-arte merkatarien elkarteko kide guztiek hartuko dute parte. Inskripzioa abenduak 14a baino lehen egin behar zuten, eta hurrengo egunetik aurrera hasi ziren erakusleihoak apaintzen.

Bertako produktuak ipini beharko dituzte parte hartzaileek dekorazioan. Eta betiko lez, originaltasunari garrantzia emango diote, baita mezu publizitarioaren baliogarritasunari, zein itxuraren kalitateari ere. Gainera, Santamas eta gabon giroarekin zerikusia edukitzea ere kontuan hartuko da.

Hiru sari emango dituzte, 300 euro lehenengoari , 250 euro bigarrenari eta 200 euro hirugarrenari. Gainera, epaimahaiak aukeratutako hiru erakusleiho horiei plaka bana emango zaie. Sari banaketa, abenduaren 21eko arratsaldean izango da.

Bergara

Abian da Gabonetako erakusleiho lehiaketa. Dendek urtarrilaren 7ra arte eduki beharko dituzte apainduta, eta parte hartzeko ez da izenik eman behar. Antolatzaileek adierazi dute sariduna aukeratzerakoan kontutan izango dituztela mezuaren irudimena, originaltasuna, erakusleihoaren eraginkortasuna, eta kalitatea. Guztira lau sari izango dira, lehenengo hirurak epaimahaiko kideek emango dituzte, eta laugarrena (100 euro) herritarrek. Sari popular hori emateko herritarrek dendetan emango zaien esku-orria bete, eta udaletxean utzi beharko dute, Olentzeroren eta Mari Domingiren ondoan egongo den buzoian (Boto emaileen artean 150 euro zozketatuko dira).
Bestalde, Peter Pan musikalaren harira, Udalak eta Bedelkarreko merkatariek beste ekimen bat jarri dute martxan. Hala, herriko merkataritza-establezimenduetako batean Peter Pan-en irudi edo elementuren bat egongo da gordeta. Irudi hori zein dendako erakusleihotan dagoen asmatzen duten guztien artean 150 euroko diru-saria zozketatuko da, Bedelkarreko dendetan gastatzeko. Erantzun horiek ere udaletxeko buzoian utzi beharko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak