Gipuzkoako aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa lortu dute Bilduk eta PSE-EEk

Goiatz Arana Begiristain 2012ko abenduaren 19a

Akordio horretan, 10 milioi euro beharko dituzten ekimenak martxan jartzea adostu dute, eta horietatik 7,6 milioi ekonomia eta enplegua sustatzeko erabiliko dituzte. Hondakinen arloan ezarritako zuzenketak bozkatzeko askatasuna utzi diote elkarri, eta PSE-EEk jakinarazi du babesa emango diola EAJk eta PPk proposatutako zuzenketa partzialari, hau da, hamazazpi milioi euro Gipuzkoako hondakinen kudeaketa planeko azpiegiturak, eta bereziki Zubietako errauskailua, egiteko erabiltzeko proposamenari.

Gaur, eguaztena, elkartu da Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun Batzordea, eta bertan bozkatu dituzte 2013ko aurrekontuen proposamenari jarritako zuzenketa partzialak.

09:30ean hasi da batzordearen bilkura, eta hura hasi baino minutu batzuk lehenago erdietsi dute akordioa Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek. Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuaren esanetan, bederatzi zuzenketa adostu dituzte, eta gainontzekoak erretiratzea onartu du PSE-EEk.

"Negoziazioekin jarraitzeko borondatea"

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan, "EAJk hondakinen alorrean aurkeztutako zuzenketak PSE-EEren eta Bilduren arteko negoziazioak oztopatu zituen, baina bi aldeek agertu zuten negoziazioekin jarraitzeko borondatea". Gaur arteko epea zuten akordio bat lortzeko, eta hala egin dute. Eta hondakinen arloan EAJk eta PPk PSE-EEren babesarekin aurkeztu asmo duten zuzenketa partzialari dagokionez, Bildutik azaldu dute Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari dagokiola erabakitzea zein azpiegituratara bideratu 17 milioi euroak.

Akordio horrekin, Gipuzkoan gutxiengoan agintzen duen koalizio abertzaleak 2013ko aurrekontuak onartu ahalko ditu, nahiz eta lehen zirriborroan hainbat aldaketa egin beharko dituen horretarako, ekonomia suspertzeko funtsetan, besteak beste. Batzar Nagusiek datorren asteko osoko bilkuran onartuko dituzte Foru Aldundiaren aurrekontuak.

Sozialisten eta Bilduren arteko akordioa zerga kontuetan lortu duten adostasunaren isla da. Aurretik, besteak beste, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga sortzeko akordioa lortu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak