1. Milanen grabatu duzu azken lana. Zertan nabari da ukitu italiarra?
Ekoizlea eta musikoak italiarrak izan arren, soinua gehiago da amerikarra. Diskoan aniztasuna dago: badira orain arteko kantu erromantikoen modukoak, baina baita gitarreroagoak ere.
2. Askoz disko helduagoa ei da...
Hori diote... Jendea denborarekin heltzen doa: niri ahotsa heldu zait, ikasi egin dut, argiago dut nahi dudana... Dena den nire diskoak beti oinarritu dira egoera oso errealetan eta lehen diskoa nahiko heldua zela uste dut.
3. Gezur egiatiak, errazago barkatzen dira?
Ez dut uste. Gezur egiatiaren kontzeptua ezinezko bat da; kantu baten izena da eta bere letra ezinezkoen ingurukoa da. Diskoak zerikusi handiagoa du izenaren bigarren hitzarekin.
4. Pisu handia du abeslari erromantikoaren etiketak?
Ez nau molestatzen, horrela naiz-eta; nahiago hori, ñoño bezalakoak baino. Baina jendeak zuri buruzko irudia egiten du, nire kasuan serioa, barnerakoia naizela; eta ez da horrela inondik inora ere.
5. Zein puntura arte arduratzen zaituzte salmentek?
Bat ere ez esatea gezurra da, baina ez didate loa kentzen. Denoi egiten digu ilusioa saltzeak, baina nik nahi dudana da musikan aritzea eta jendeak s entzutea.
6. Zein leku du Amerikak zure karreran?
Oso garrantzitsua: lehen diskoak Espainian arrakasta izan zuenean Amerikan nere musika aurkezteko aukera izan nuen eta asko eman dit. Sinesgaitza da urrun dauden herrialdeetan jarraitzaileak aurkitzea. Azken bi urteetan han hemen baino lan gehiago egin dut.
7. Non duzu 2011an irabazitako Grammya?
Gurasoen etxean; han ditut eman dizkidaten ia sari guztiak. Ilusioa egiten dit sari bat irabaztean gurasoei eroateak; azkenean eurak dira-eta denaren hasiera.
8. Noiz irabazi zenuen billarreko azken partida?
Duela asko, apur bat utzita dut! Musikatik aparte dudan zaletasun handiena da. Garai baten asko jolasten nuen, Las Vegasen ere izan nintzen munduko txapelketa baten parte hartzen.
9. Nola doa fardelak aldatzea?
Dagoeneko esku batekin aldatzen ditut! Semearen etorrera bizitzako poztasun handiena izan da. Baina besazpian ogiarekin beharrean, diskoarekin jaio da eta promozioarekin-eta faltan botatzen dut.
10. Asko zabiltza sare sozialetan.
Aurkikuntza bat izan dira: dinosauro samarra nintzen kontu hauetan, baina orain engantxatuta nago. Oso polita da zaleekin hartu-eman zuzena izatea.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Gauza asko egin daitezke makila magikoarekin, baina bururatzen zaidan lehen gauza da mundu guztiari osasuna ematea, gaixotasun guztiekin amaitzea. Eta egun bizi dugun egoera zail honetan, mundu guztiari lana emango nioke, batez ere beharra duenari eta aurrera ateratzeko arazoak dituenari".