Etxean suterik ez izateko zein aholku jarraitu beharko genituzke?
Praktika errazak dira jarraitzeko.Estufen erabilera okerren artean, bat da nagusia: arropak estufa gainean jartzea, azkar lehor daitezen. Gainera, estufak gortinei, altzariei edota oheari itsatsita jartzeko ohitura daukagu, eta horrek arriskua sortzen du.
Egurrezko eta ikatzezko sutontzien kasuan, hauek isurtzen dituzten gasek gure arnas aparatuan arazoak eragin dezakete. Gainera, gas isuria detektatzen badugu, etengailurik ez ukitu, –argia, ez piztu eta ezta itzali ere– gasaren pasoa moztu eta etxea aireztatu.
Azken bi hauekin lotuta, etxeetako sukaldeetan leihatilatxoak egoten dira gas isuria badago aireratzeko; baina hotz egiten duenean, batzuek leihatilatxoa ixten dute sukaldea ez hozteko. Baina horrek, gas isuria egonez gero, prebentzio neurri bat ezabatzen du.
Tximiniak, udazkenero, garbitu egin beharko genituzke. Beheko su eta ekonomiko guztiak garbitu behar dira urtero.
Sukaldean ere neurriak hartu behar dira, ezta?
Zentzuzko gomendioak dira. Sukaldean, zartagina ez genuke inoiz zaindu gabe utzi beharko. Ke-kanpaia garbitu behar da: olioa edo koipe itsatsia kenduta. Izan ere, zartaginak su hartuko balu, goialdean pilatutako koipearekin areagotu egingo litzateke ezbeharra, eta horrek ez dauka soluziorik.
Gainera, ohean ez litzateke erre beharko. Istripu asko gertatzen dira erretzen ari garela lo hartu ondoren. Hautsontzian ondo itzali eta zaborrontzira bota aurretik ondo busti, berriro surik har ez dezan.
Neguan areagotu egiten dira ezbeharrak. Gipuzkoan 153 sute iazko neguan; asko dira?
Bai, sute asko dira; bakarra ere asko izango litzateke. Kontuan hartu behar dugu azken bost urteetan 138 ingururen bueltan egon dela ezbeharren kopurua; beti ehuneko kopurua gainditzen dela, alegia. Iaz ezbehar asko gertatu ziren; otsaila oso hotza izan zen eta suteek gora egin zuten. Batez beste, 40 sutetik gora eragiten dute tximiniek, eta sukaldeetan, ke-kanpaiek eraginda, 30etik gora. Tapaki elektrikoak direla-eta urtean hiru bat sute gertatzen dira. Lo hartu aurretik itzali egin behar ditugu. Istripu kopurua asko jaitsiko litzateke zentzuz jokatuz gero. Beste lurralde batzuetan –Araban eta Bizkaian– ere antzeko zifren bueltan dabiltza.
Zer motatako etxeetan gertatzen dira suteak? Ezaugarri jakinen bat duten etxeetan gertatzen dira?
Suteak, orokorrean, etxe mota guztietan gertatzen dira. Sute hauen barnean, ordea, arrazoi bat edo beste dago. Tximiniak baserrietan edo atikoetan ere badaude, eta sutea berdin-berdin gerta daiteke.
Zergatik gertatzen dira sute horiek, beraz?
Hotz egiten hasten denean, Ganbaran eduki ditugun berogailuak jaitsi eta hauen erabilera okerra egiten dugu: arropa lehortzen jartzen dugu berogailuen gainean, edo gortinen ondoan jartzen ditugu; tximiniak pizteko sasoian, arriskua hor dago. Eta usain ona botatzen duten kandelak ere martxan jartzen ditugu; baina arriskua dutela ere kontuan izan behar dugu.
Gas instalazioa duten etxeetan ere gerta daiteke ezbeharra?
Bai. Gas isuria gerta daiteke. Gas metaketa izanez gero, eta bero puntu batek harrapatuz gero, eztanda gerta daiteke. Elektrizitate sistema zaharkituan eta gainkargatuan ere arriskua dago sua gertatzeko.
Gazteen lokaletan kanpaina berezia abiatu duzue aurten.
Otsailean gazte lokaletara bideratutako kanpaina jarri dugu abian. Aireztapen ona, kandela eta estufekin kontuz ibili eta etxebizitzetako aholkuak aplikatu behar dituzte.
2009an eratu zen fundazioa. Zer da Su Eskola?
Helburu nagusia suteen kalteak mugatzea da. Sentsibilizazio eta formakuntzaren bidez sua kontrolatu nahi dugu. Formakuntzari dagokionez, enpresei, partikularrei eta larrialditako zerbitzuei eskaintzen diegu.
500 ikastaro eman dituzue dagoeneko.
2010ean hasi ginenetik 500 ikastaro eta 10.000 ikasle izan ditugu. Ordizian eta Ispasterko maniobra parkean eskaintzen ditugu formazio ikastaroak. Pixkanaka jendea ohartu da formakuntza honen beharraz. Eskerrak ere jaso ditugu istripu bat gertatu zen enpresa batetik, langile horiek ondo erantzun zutelako.
Fundazioaren patronatuan Osalan eta Gipuzkoako Aldundia daude.
Fundazio bat gara eta sentsibilizazio lana ahalik eta jende gehienarengana iristea nahi dugu, eta hor daude gure babesleak, helburu hori lortzen laguntzen digutenak.
Osalanek eta Gipuzkoako Aldundiak osatzen dute patronatua; Lore Martinez aretxabaletarra, esaterako, Patronatuan Gipuzkoako Foru Aldundiak duen ordezkarietako bat da. Informazio Gizartearen zuzendari gisa dihardu bertan lanean.