"Arrakasta borobila" Sorturen ildo ideologikoa zehazteko herri batzarretan

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko abenduaren 17a

Sortzaile prozesuko bigarren herri batzarrak egin ditu Sortuk asteburuan, Debagoieneko herri gehienetan. "Lehenengo batzarretako antzeko jende kopurua gerturatu da bigarren batzar hauetara ere, partaideen aniztasuna eta ekarpenak azpimarratzekoak izan dira", dio Ibai Redondo Debagoieneko Sorturen ordezkariak.

"Kasu honetan ere metodologia parte hartzaileek arrakasta borobila izan dute eta jendeari batzarretan egindako 3-4 orduak motz ere gelditu zaizkio hainbat kasutan". Debagoieneko Sortutik adierazi dute, Debagoienean Sorturen ildo politikoaren eztabaida amaitu dutela eta "oso arrakastatsua" izan dela.

Hedabideetara bidalitako oharrean, eta Sortzaile prozesuko bigarren batzar-errondak (ildo politikoaren gainekoa) emandakoaren gainean, honela dio Sortuk:

  • "Indar metaketa. EHBilduren baliagarritasuna azpimarratu da eta instuzio arloan indarrak batzeko tresna egokia dela aipatu da. Oraindik ere herritar gehiagoren atxikimendua lortzeko balio duela ikusi dugu, ezkerretik abstentzioan gelditzen diren horiei egunerokotasuneko lanarekin koalizioaren eraginkortasuna erakutsiz gero eta EAJk independentzia lortzeko duen borondate falta ikusita baita sektore abertzaleetatik ere. Zentzu honetan Euskal Estatua lortzeko EAJrekin akordioa egitea desiragarria bezain zaila dela ikusten da. Akordio hori posible izateko erabakitzeko eskubidea eta independentziaren aldeko olatu herritarra beharrezkoa da Catalunyan bezala".
  • "Borroka moldeak. Lehentasuna kalean jarri beharra dagoela aipatu da eta instituzioak herritarren nahi, behar eta aldarrikapenak bermatzeko tresna izan behar dira. Herri boterea antolatu beharraz hitz egin da eta instituzioek herriaren hitza bermatzeko parte hartzeko tresna eraginkorrak eskaini behar dituztela. Era berean, estatuekin akordioak posible ez diren garai hauetan konfrontazio demokratikorako prestatu beharra dago. Konfrontazioa herritik herrira egin behar da, adibidez Werten Hezkuntza erreformari ikastetxeek uko eginez eta euskara zein euskal curriculuma bultzatuz; edo Gipuzkoako Foru Aldundiak hasi duen bidetik inposaketen gainetik langileen soldatak ordainduz".
  • "Nazio Eraikuntza eta Eraldaketa soziala. Herri osoa inplikatu behar da herrigintzan, hau ez da Sorturen esparru esklusiboa eta nazio eraikuntza eta eraldaketa sozialaren alde egunero lanean ari diren pertsona zein eragileekin elkarlana sustatuko du Sortuk. Dena den, Sortuk nazio eraikuntza ezkerretik egingo du Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko norabidean. Sozialismo hori Euskal Herriko errealitatetik eraikia izan behar da eta euskal herritarren eskubide zibil, politiko, sozial, hizkuntzakoak eta kulturalak bermatzeko balio behar du. Zentzu horretan ezkerra eta sozialismoa ulertzeko modu ezberdin anitz bilduko ditu bere barruan Sortuk. Krisi garai honetan lehentasunez landu behar dira gai sozialak, nazioaren eraikuntza eta eraldaketa soziala txanpon beraren bi aldeak dira, biak ala biak jorratu beharrekoak. Etxegabetzeak gelditzea, enplegua sortzea, eskualdeko garapena, sektore publikoaren defentsa, industria eredu modernoa eta ekologikoki jasangarria, elikadura burujabetza, EHko Banku publiko eta soziala... Lehentasunez eraiki edo landu beharreko proiektu sozialak dira. Hezkuntza sistema nazionala, euskararen berreskurapena, selekzio nazionalak eskuratzea edo Udalbiltzaren berrantolaketa nazio eraikuntzako proiektu estrategikoak diren bezala".
  • "Gatazkaren konponbidea. Bakea, giza eskubideak, desmilitarizazioa, biktimen errekonozimendua eta berezik preso eta iheslarien etxeratzea lortzeko ibilbide orri eraginkorra da Aieteko Adierazpena. Dena den, gatazka konpontzeko berme nagusia euskal herritarrak dira. Indar metaketa zabala eta soziala egin beharra dago konponbidea lortzeko".

Alternatibak aste honetan bozkatuko dituzte

Debagoieneko Sorturen ordezkari Ibai Redondok dio, bestalde, Oinarri Ideologikoen eztabaidan egindako alternatibak aste honetan zehar egingo dituzten batzarretan eztabaidatu eta bozkatuko direla.

Besteak beste, Bergaran eguaztenean, 19:00etan Irizar Jauregian eta Arrasaten, eguenean, 7etan Irati Elkartean.

Orain arte Sorturen oinarri ideologikoak eta ildo politikoa zehazten aritu dira. Hurrengo egunotan, otsaila bitarte, herriz herri Sortu antolatzeari ekingo diotela dio Redondok, eta bitarte horretan, antolaketaren inguruan berba egiteko batzar irekiak egingo dituztela herri guztietan urtarrilaren 26an.

"Ikus daitekeenez Sorturen prozesu eratzailea martxa onean eta aurrikusitako datetan garatzen ari da. Besterik gabe, batzarretara hurbildu diren herritar guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu" amaitu du Redondok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak