Elkartasun mezua zabaltzeko helburua izan dute Oñatin, Aretxabaletan eta Bergaran goizean egindako azokek, herri bakoitzak bere erara. Oñatin, esaterako, justizia sozialarekiko elkartasuna zabaldu gura izan du Elkar Hezi ikastetxeak eta azoka honek amaiera eman dio gai horri buruz abenduko lehen hamabostaldirako antolatu duen egitarauari. Zentzu horretan, Euskal Herri osotik etorritako 18 Gobernuz Kanpoko Erakundek bete dute Oñatiko plaza. Euren proiektuen inguruko informazioa eta hainbat produktu ekarri dituzte, saldu eta batutako dirua elkartasun ekimenetara bideratzeko: karterak, kamisetak, gailetak, mailotak, txokolatea ...
Aretxabaletan, bidezko merkaritzako produktuak ezagutaraztea gura izan du Hiruatxek, eta mahai bat jarri du produktu horiekin, Gabon bezperan urtero egin ohi duen moduan.
Bergaran, berriz, jostailu bilketa egin dute, Aranzadik antolatuta, ikastolak Gabonetan egin duen elkartasun kanpainaren barruan.