Zeintzuk izango dira hausnarketarako mahai gainean jarriko dituzuen puntuak?
Hainbat gai mamitsu jorratuko ditugu: estatu sozialistaren ezaugarri nagusiak; EH Bilduren ibilbidea eta etorkizuna; euskal estatua lortzeko abertzale guztien arteko elkarlanerako aukerak; eraldaketa sozialerako urratsak; bake prozesua eta preso zein iheslarien etxeratzea; desobedientzia zibila; euskara eta hezkuntza;…
Herriz herriko hitzorduak egin dituzue; zelan planteatzen dituzue, baina, batzarrok?
Ponentziaren laburpena izango dute guztiek lagungarri, eta gaian sartzeko bideo bat ere egongo da. Ondoren, batzarrak parte hartzaileak izan daitezen, talde txikietan banatu eta bakoitzak gogokoen duen gaia lantzeko aukera izango du.
Batzarretan lantzen denarekin, gero zer egiten da?
Euskal Herrian 200 batzarretik gora izango dira, bertan jasotako ekarpenekin ponentziak moldatzen eta osatzen joango gara. Sortu milaka ezkertiar eta abertzalek sortutako tresna izango da; gauzak ondo, otsailaren 23ko Kongresu Nazionalean aurkeztuko du bere burua.
Aurreko herri batzarrak oso jendetsuak izan ziren; datuak ere badituzue…
Debagoieneko herri guztietan 200dik gora lagunek parte hartu zuten lehenengoan. Euskal Herri osoan 5.500 lagunetik gora. Espero dugu bigarrenak ere arrakastatsuak izatea.
Beste zerbait gura baduzu gaineratu…
Erronkaz betetako egoera dugu: kapitalismoaren krisia, independentziarako aukera, gatazkaren konponbidea... Herri bizia da gurea, hamaika proiektu eta herri mugimendu. Sortu herri honetan ongi sustraitzen bada, erronka guztiei erantzuteko gai izango da Euskal Herria.