200 milioi eurotan handitu nahi ditu salmentak Fagor Etxetresna Taldeak

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko abenduaren 14a

Fagor Etxetresnak Kooperatiba Taldeak bi ez ohiko batzar orokor egin ditu eguaztenean eta eguenean eta onartu du zuzendaritzak proposatutako 2013-2016 Plan Estrategikoa. Horren arabera, dimentsionamendu, doikuntza edo egokitzapenak egin beharko dituzte, azken urteotako egoera zailari aurre egin eta salmentak handitzeko.

Horren arabera, datozen lau urteotan, kooperatibak hazi egin nahi du, munduko beste enpresa batzuekin aliantzak osatuz eta, bestetik, kooperatiba taldea osatzen duten enpresen "dimentsionamendua" bultzatuko du, betiere "pertsonei garrantzia" emanez. Helburua da salmentak 200 milioi eurotan handitzea.

Jakinekoa da Fagor Etxetresnak Taldeak azkeneko urteotan bizi dituen zailtasunak, bizi dugun krisi ekonomikoak eta merkatu globalaren berezko dinamikek eraginda. Gaur egun, hozkailuak, galdarak, labeak, garbigailuak, berogailuak, mikro-uhinak, lapikoak…, halakoak egiten dituzte gurean: Arrasateko Garagartza eta San Andreseko lantegietan; Bergarako Geyser-Gastech-en, Eskoriatzan, Gasteizen… Baita Basauriko Edesan ere, berau taldekoa. Guztira, 2.400 bat langile.

Atzo eta herenegun ez ohiko batzar orokorrak

Eguaztenean gure bailarako enpresetan egindako batzar ez ohikoan, 1.002 lan bazkide bozkatu zuen zuzendaritzak proposatutako Plan Estrategikoaren alde eta beste 597 langilek aurka. Atzo egin zuten Edesan eta han ere alde agertu ziren bazkideak.

Plan estrategiko hau onartzearen ondorioetako bat da, "finantza plan bat bultzatzea, kanpo baliabideak erakartzeko eta barruko baliabideak berrindartzeko", bereziki, bazkide kooperatibisten eskutik.

"Erosketa bateratuak"

Fabian Bilbao Fagor Etxetresnen taldeko zuzendariak azpimarratu du, europar merkatu nagusiek bizi duten egoera ekonomikoak eragindako hazkunderik ezaren aurrean, Arrasateko kooperatiba taldeak bere parte hartze mailari eutsi egin diola, eta baita handitu ere, etxetresna elektrikoen alorrean, Espainian eta Frantzian.

"Gaur egungo merkatuan daukagun egonkortasunak bultzatzen gaitu zabaltzera hazkundean dauden herrialdeetara; hala nola, Txinara edota Ekialde Ertaineko herrialdeetara, enpresen arteko aliantzen bitartez. Horrek lagunduko digu produkzio kostuak optimizatzen, erosketa bateratuak egiten edota produkzioak elkartrukatzen" esan du Bilbaok.

Gaur egun Fagor Etxetresnak Taldeak beste hainbat planta ditu gure mugetatik kanpo: Frantzian, Brandt erosi ostean, lau lantegi ditu; Italian, beste bat, hau ere Brandti erositakoa; Polonian beste bat, eta Marokon eta Txinan ere bana.

Plan Estrategikoan jasotzen denaren arabera, Fagor Etxetresnak Taldeak "dimentsionamendu", doitze edo egokitze fasean sartuko da hurrengo urteotan. Hala, Goienak jakin duenez, nahiz eta ez izan iturri ofizialetatik, hainbat deskapitalizazio egingo ditu. Esaterako, Frantziako lau fabriketatik hiru saldu nahi ditu. Frantziako gobernuarekin eta sindikatuekin negoziatzen ari da horretarako eta balizko erosleekin ere bai.

Bestetik, taldeak gure ibarrean 2.100 langile ingurutik, aurreikusten du 1.500ekin geratzea, gainerakoendako soluzioak planteatuz: aurre-erretiroak eta abar. 

Gama altukoak Asiako merkatuan

Fabian Bilbaok gogora ekarri du, bestalde, urte hasieran Roban enpresa txinatarrekin hitzarmen sinatu zutela, De Dietrich gama altuko "gure marka Asiako merkatuan sartzeko". Hauxe izan zen, Bilbaoren esanetan, etxetresna elektrikoak hazkunde bidean dauden herrialdeetan komertzializatzeko elkarlan estrategikoaren hasiera. 

Helburua, lehiakortasuna hobetu

Hazkunde eta aliantza estrategia honek zera ekarriko dio Fagor Etxetresnak taldeari: batetik, Fagorrendako ezinbestekoak diren Polonia bezalako herrialdeetan duen produkzio ahalmena handitzea; bestetik, barruko "eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetzera" bideratuta dagoen "dimentsionamendu prozesua" azkartzea. Horretarako, balio erantsi handiena duten produktuetan oinarrituko da Fagor Etxetresnak.

Pertsonei zuzendua

Era berean, Fagor Etxetresnetako zuzendariak gogora ekarri du, Plan Estrategiko hau taldea osatzen duten pertsonei zuzenduta dagoela, bereziki: "ekonomia sozialeko mundu mailako korporazio garrantzitsuenaren barruan gaude eta gure hazkunde ekonomikoa denboran jasangarria den lan kooperatiboarekiko konpromisoarekin lotuta dago.

Azkenik, Bilbaok adierazi du Fagor Etxetresna taldeak apustu sendoa egin duela "berrikuntza eta irtenbide teknologikoen garapenaren" alde; bereziki, "merkatuari irtenbideak emango dizkioten egosketa alorreko produktu eta zerbitzu berriak" ekoiztuz.

Iaz, 1.277 milioi euroko salmentak

Fagor Europako bosgarren etxetresna ekoizle eta saltzailea da. Iaz 1.277 milioi euroko salmentak izan zituen. Espainian duen merkatu kuota da %15,6koa, eta munduko 130 herrialdetan saltzen ditu produktuak, marka komertzial ezberdinekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak