"Eskerrik asko denoi. Erabat hunkituta eta eskertuta nago. Atzo eztabaida izan genuen, baina uste dut konpartitu genuela arlo askotan beharrezkoa dela akordioa, eta hori izango da nire helburua. EAEk etorkizunera begira dituen erronkak argi ditut eta espero dut autogobernua indartzeko lan egitea. Bakearen eta elkarbizitzaren legealdia izango da, eta espero dut horretan lan egitea, justizian, oroimenean eta giza eskubideetan oinarrituta. Hitza ematen dut nire onena emango dudala, denok akordiotara iristeko eta euskal gizarteari onena emateko. Hori da gure konpromisoa", adierazi du Urkulluk lehendakari hautatu berritan.
10:00etan hastekoa zen bozketa, baina 10:15era atzeratu dute, Bilbo irteeran dauden auto ilaren ondorioz legebiltzarkide asko Gasteizera heldu ezinik daudelako.
Frankismoaz geroztik, bosgarren lehendakaria izango da Urkullu, Garaikoetxea, Ardanza, Ibarretxe eta Lopezen ostean. Aurretik Agirre eta Leizaola izan ziren lehendakari. Amaitu berri den legealdian izan ezik, gainontzeko denetan agintaria EAJkoa izan da beti.
Etzi, abenduak 15, egingo da Iñigo Urkullu karguaz jabetzeko ekitaldia, Gernikan, 12:00etan.