Egoera ekonomikoa izan da lehendakaria hautatzeko lehen saioko ardatz nagusia

Goiatz Arana Begiristain 2012ko abenduaren 12a

Legebiltzarra elkarrizketarako eta erabakiak hartzeko lekua izatea nahi duela adierazi du Iñigo Urkulluk; eta Legebiltzarraren leihoak irekitzera datozela, Laura Mintegik. EAJko eta EH Bilduko hautagaien ondotik, gainontzeko alderdi politikoetako ordezkariek hartu dute hitza arratsaldean. Egunak emandakoaren laburpena duzue segidan.

Iñigo Urkullu: "Ez dago aitzakiarik eztabaidari izkin egiteko"

Biktima guztien oroimen eta aitortza izan du Iñigo Urkullu EAJren lehendakargaiak hitzaldiaren hasieran. Bere esanetan, eztabaidari izkin egiteko ez dago aitzakiarik, eta Legebiltzarra elkarrizketarako eta erabakiak hartzeko lekua izatea nahi duela adierazi du.

Elkarrizketa eta akordiorako deia egin, eta hiru egiteko handi dituztela berretsi du: ekonomia suspertzea, bake eta elkarbizitza bultzatzea, eta estatus berrirako akordioa lortzea.

Ekonomia suspertzea: Hiru horietan aurrena, eta premia larriena duena ekonomia suspertzea dela uste du, eta horregatik, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko gogor lan egingo duela hitz eman du. Aurrekonuak onartu ostean, ekonomia berraktibatzeko eta enplegua sortzeko plana aurkezteko konpromisoa hartu du. Bi "uste nagusi" ditu gaiari aurre egiko: beharrezkoa dela jarduera ekonomikoa eta enplegua mantentzeko neurriak hartzea, enpresak modernizatzeko ekimenak bultzatzearekin batera; eta neurri horiek ahalik eta arinen hartu behar direla, orduan eta eraginkorrago izateko. 'Basque country' marka zabaltzen, euskal enpresei laguntzeko konpromisoa ere hartu du.

Bakea eta elkarbizitza: Bake eta elkarbizitzan aurrera egiteko lekua izan behar du Eusko Legebiltzarrak EAJren lehendakarigaiaren irudiko eta alderdi guztiak bertan daudela ekarri du gogora. Bake eta Giza Eskubideetarako Euskal Egitasmoa egiteko nahia agertu du.

Estatus politiko berria: "Euskal transizioa" martxan dela dio Urkulluk. Eredu autonomikoan zegoen konfiantza hautsita dagoela esan du eta, horregatik, autogobernu eredua "eguneratu" behar dela dio. Horretarako, alternatiba politiko guztiek parte hartuko duten txostena sortzea proposatu du.

Kalitatezko zerbitzu publikoa bermatuko duela ere esan du, eta ez duela onartuko hezkuntza banaketa elementu bihurtzea: "Madriletik banatzeko inposatzen saiatzen diren eredu horrren aurrean, euskal hezkuntzaren autogobernu eredua indartzea planteatuko dugu".

Lehendakari aukeratzen badute osatuko duen gobernuaren ezaugarri batzuk eta aurreratu ditu: inoiz egon den Jaurlaritzarik murritzena osatuko duela esan du: "Erakunde guztiok, funtzio publikoa bere osotasunean, doikuntza eta gastua murrizteko lehen aldia bizitzen ari gara, eta biziko dugu".

Laura Mintegi: "Tresnak lortzera gatoz Legebiltzarrera"

EH Bilduren lehendakarigai Laura Mintegik zazpi ataletan egin du bere hitzaldia, burujabetza ardatz hartuta, eta denbora gehien ekonomiari eskaini dio.

Eusko Legebiltzarrera zertara datozen azalduz hasi du bere hitzaldia. Politikarien prestigiorik ezaz jabetzen dela onartuta, "Legebiltzarraren leihoak irekitzera" datozela nabarmendu du: "Kalean ere bagaude, eta tresnak falta zaizkigu. Horiek lortzera gatoz Legebiltzarrera".

Zazpi ataletan banatu du bere proiektuaren azalpena, burujabetza ardatz hartuta, euren helburua Euskal Herri independiente eta sozialista dela esanez. Honako atalak landu ditu:

Erabakitze eskubidea: "Adostutako tresna demokratikoak praktikan jartzea izango da helburua eta, horretarako, Euskal Herrian lortu behar da lehenik adostasuna, komunean dugunetik abiatuta".

Gatazka politikoa: Oroimenean, justizian eta elkarbizitzan oinarritutako bakea aldarrikatu du eta, bakea eraikitzeko lanean, presoek eta biktimek ere parte hartu behar dutela azaldu.

Egoera ekonomikoa: Diru sarreren eta lehentasunen krisia dela zehaztu du, eta ez gastuen krisia. Lehentasuna pertsonen ongizatean jarri nahi duela azaldu eta enplegua banatzea, elikadura burujabetzan sakontzea eta zerga sistema aldatzea proposatu ditu, besteak beste.

Aukera berdintasuna: Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko politikak medio ekonomikoz hornitu behar direla aldarrikatu du, besteak beste.

Hizkuntza eta hezkuntza: Hezkuntzan de facto egiten ari diren murrizketak gelditu egin behar direla esan du eta datorrena "euskararen legealdia" izan behar dela gaineratu.

Parte hartzea: Demokraziaren oinarria dela esan eta proposatu du Herritarren Partaidetzarako Eskola bat sortzea, erakundeetan lanean dabiltzanak parte hartzearen inguruan formatzeko.

Egitura administratiboa: Bikoizketak saihesteko beharraz hitz egin du, eta Lurralde Historikoen Legea berrikustea proposatu.

Arratsaldekoak

35 urtez estrategia politiko-militar bati eutsi eta Eusko Legebiltzarraren aurka egotea egotzi dio Joseba Egibarrek (EAJ) ezker abertzaleari.

Egungo egoera ekonomikoan EAJk duen ardura nabarmendu du Julen Arzuagak (EH Bildu), eta baketzeari dagokionean oroimenaren beharra defendatu du.

Patxi Lopezek (PSE) "oposizio arduratsua" agindu du, eta akordioen ordez "atxikimenduak" bilatzea egotzi dio EAJri.

Antonio Basagoitik (PP) arazo ekonomikoak lehenesteko eta "obsesio banatzaileak" baztertzeko eskatu dio Urkulluri.

Gorka Maneirok (UPD) azpiegitura "faraonikoen" aurka egin du, eta esan du "arazoa" ez dela euskara, "hizkuntza politika baizik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak