Gaur onartu da 700.000 eurotik gorako ondasunen gaineko zerga

Leire Kortabarria 2012ko abenduaren 12a

Gipuzkoako zerga-sistemaren erreformak aurrera jarraitzen du, gaur Batzar Nagusietan Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez onartutako bi proiektu onartu ondoren. Batetik, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga onartu dute Batzar Nagusiek, aberatsenek euren ondasunen araberako ekarpenak egin ditzaten. Bestetik, Arrisku Bereziko Zergadunen Errolda indarrean jartzea erabaki dute, aurrerantzean iruzurraren kontrako lan-tresna "garrantzitsua" izango dena, Foru Aldundiaren esanetan. Helena Franco Ogasuneko diputatuak zorionak eman dizkie gipuzkoarrei eta erabakiaren garrantzia nabarmendu du.

Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren bidez, 700.000 eurotik gorako ondasunak eta 300.000 eurotik gorako etxebizitza dutenek gehiago ordaindu beharko dute; denetara, zergadunen goiko aldeko %1,7 dira. Salbuespen berriak ezarri dira, gizarte osoari zein ingurumenari mesede egiten dieten ondasunen edota jabetzen kasuan, esaterako.

Ogasunak esan duenez, "zerga berri honen bidez, aberastasuna modu eraginkorragoan zergapetu ahal izango da, zergak saihesteko hainbat zirrikitu itxi direlako. Muga edo ezkutu fiskala desagertu egingo da, eta aberatsenek euren ondarearen arabera ordaindu beharko dute".

Arrisku Bereziko Zergadunen Errolda "oso lan-tresna eraginkorra izango da, praktika insolidarioak egiteko tentaziorik inork izan ez dezan", esan du Foru Ogasunak. Ogasuneko teknikariek baino ezin izango dute erabili, iruzurraren kontra jarduteko.

Norabide berria

Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuaren esanetan, “zinez ez dugu ulertzen batzuen jarrera, neurri honen kontra jotzean. Ogasuneko legelarien eta Lege Aholkularitzako berme juridiko guztiak dauzka. Zalantza juridikoak han-hemenka zabaltzen ari dira: ez dakigu zergatik, ez dugu ulertzen zer eta nor defenditu nahi duten”. Norabide berria

Gaur onartutako bi neurrien bidez, “norabide berri batera eraman nahi du aldundi honek Gipuzkoako herrialdea”, esan du Helena Francok. “Gipuzkoa berriak elkartasunean oinarritu behar du. Are gehiago krisialdi ekonomiko zail honetan. Gehien duenak ekarpen handiagoa egin behar du”, esan du.

"Ahulen dauden horiek" babestuko dituen sistema publiko sendoa aldarrikatu du, eta diru nahikoa jasoko duen sistemaren beharra nabarmendu, gizarte kohesionatua lortzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak