Lehendakaria hautatzeko prozesua martxan

Goiatz Arana Begiristain 2012ko abenduaren 12a

EAJren eta EH Bilduren proiektuak aurrez aurre izango dira gaur, eguaztena, Eusko Legebiltzarrean, Iñigo Urkulluren eta Laura Mintegiren eskutik, hurrenez hurren. Ezusterik ezean, ordea, EH Bilduk ez du aukerarik izango hurrengo Jaurlaritza gobernatzeko, eta EAJk ez du gaurko saioan gehiengo absolutua lortuko (38), bere taldeko 27 ordezkariek bakarrik babestuko dutelako. Ondorioz, bihar, bigarren saioan, hautatuko dute Urkullu lehendakari izateko, gehiengo sinplea lortuta, eta domekan jakinaraziko du nortzuk izango diren sailburuak.

Joan den azaroaren 20an Eusko Legebiltzar berria eratu ostean, gaur hasiko da datozen lau urteotarako lehendakaria hautatzeko osoko bilkura, bi hautagairekin: EAJko Iñigo Urkullu eta EH Bildu koalizioko Laura Mintegi.

09:30ean ekingo diote osoko bilkurari, indar politiko guztiak ordezkatzen dituen Eusko Legebiltzar berrian. Mintegi izango da lehena hitza hartzen. Ordu eta erdi izango du bere proiektua azaltzeko eta, hautagaitza aurkeztean EH Bilduko kideek adierazi zutenez, EAJrenaz "bestelako aukera bat badagoela erakusteko". Ondoren izango da Urkulluren txanda, eta denbora tarte bera izango du hark ere. Hiru gai nagusitan banatuko du Urkulluk hitzaldia, berri agentziek alderdi jeltzaleko iturriak aipatuz zabaldu dutenaren arabera: krisiaren aurkako borroka; bakegintza, normalizazioa eta elkarbizitza; eta, azkenik, estatus berri baterako proposamena.

Arratsaldean, gainontzeko alderdien txanda

Baina bi hautagaiez gain, gainontzeko indar politikoek ere izango dute hitz egiteko aukera gaurko osoko bilkuran. Eguerdiko etenaldiaren ostean, 14:30ean jarraituko du saioak, eta ordu erdiko tartea izango du legebiltzarkide talde bakoitzak: Gorka Maneirok (UPyD), Antonio Basagoitik (PP) eta Patxi Lopezek (PSE-EE) hitz egingo dute, baita EH Bilduko Julen Arzuagak eta EAJko Joseba Egibarrek ere. 

Hurrengo urratsak

Bihar lehendakari izendapena lortu ostean, kargua hartzeko ekitaldia zapatuan egiteko asmoa du Urkulluk, Gernikako Juntetxean; Gernikako Estatutua erabiliko du kargua hartzean. Berri agentzien arabera, domekan ezagutaraziko du nork osatuko duen bere gobernua eta, astelehenean gobernua osatuta, martitzenean bertan egingo du gutxiengoan gobernatu beharko duen Jaurlaritza berriaren lehen gobernu kontseilua, 2013rako aurrekontuak prestatzeko. Sail kopurua hamarretik zortzira jaisteko asmoa du Urkulluk eta, jakinarazi zuenez, lau emakume eta lau gizonezko izango dira sailburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak