Sortzaile prozesuko bigarren batzarrei ekingo die Sortuk asteburuan

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko abenduaren 11

Sortu alderdiak bigarren batzar parte hartzaileei helduko die oraingo asteburuan. Oraingoan, Sorturen ildo politikoa eztabaidatuko dute herririk herri, baita Debagoieneko herrietan ere. Azaro amaieran ekin zioten batzarrei eta lehen ekinaldi hartan, Sortu prozesua martxan jarri eta oinarri ideologikoak eztabaidatu zituzten. Bultzagileek diotenez, Debagoieneko batzarrak "jendetsuak eta emankorrak izan ziren". Guztira, 221 lagunek parte hartu zuten eskualdean egindako batzarretan eta Oinarri Ideologikoen ponentziari "hainbat hobekuntza eta aldaketa egitea" proposatu zen.

Bigarren batzarretan, esan bezala, Sorturen ildo politikoa aztertuko da, hau da, hurrengo 4 urteotan "egin beharrekoak zehaztuko" dira. "Batzar hauetan ere, lehengoetako arrakasta ikusi ondoren, metodologia parte hartzaileak erabiliko dira, guztion iritziak entzun eta kontuan hartzeko".

Batzarrak ponentziaren laburpena egiten duen bideo batekin hasiko dira, "bertaratutakoek gaiaren inguruan kokapen egokia izan dezaten". Ponentziak, www.sortu.net helbidean eskuratu daitezke eta herriz herri laburpenak ere banatzen ari dira euskaraz eta gaztelaniaz.

"Euskal Estatua eraikitzeko EAJrekin"

Eztabaidagai nagusiak ondokoak izango dira:

  • Ildo estrategikoa: euskal estatu sozialistaren ezaugarri nagusiak; desobedientzia zibila; eraldaketa soziala.
  • Helburu taktikoak: EHBilduren ibilbidea eta etorkizuna; langileria eta herri mugimendua; demokrazia parte hartzailea.
  • Konfrontazioa: konfrontazio politiko eta demokratikoa, bide baketsuak; indar metaketarako urrats berriak (EHBilduren baitakoa; langile eta herritarrekin egin beharrekoa; Euskal Estatua eraikitzeko EAJrekin landu beharreko bidea).
  • Gatazkaren konponbidea: preso eta iheslariak etxeratzeko zer egin behar du Sortuk? Erabakitzeko eskubidea lortzeko zer egin behar du Sortuk?; Aiteko ibilbide orriaren baliagarritasuna.
  • Euskal Herria ezkerretik eraiki: Nazio Eraikuntza eta eraldaketa soziala. Euskararen normalizazioa lortzeko tresna eta urratsak; hezkuntza sistema propioa; krisitik irten eta eraldaketa soziala lortzeko proposamenak.

Debagoieneko herrietan asteburuan

"Eztabaidagai potolo eta mamitsuak izango ditugu. Taldeka egingo ditugu eztabaidak eta bakoitzak gehien interesatzen zaizkion gaiak aukeratu ahal izango ditu" diote Debagoieneko Sortukoek.

Debagoienean, hitzorduak honako hauek dira:

  • Arrasate: abenduak 15, 10etan Kultur Aten.
  • Bergara: abenduak 15, 10etan Irizar Jauregian.
  • Oñati: abenduak 15, 9etan Gaztelekuan.
  • Aretxabaleta: abenduak 15, 09:00etan Arkupe Kultur Etxean.
  • Eskoriatza: abenduak 15, 10:00etan Ibarraundi Museoan.
  • Antzuola: abenduak 15, 09:00etan Olaran Etxean.
  • Elgeta: Abenduak 14, ostirala, 19:00etan Kultur Etxen.

Beraz, Elgetakoa izan ezik batzar guztiak zapatu goizean izango dira. Sortukoek, "Debagoieneko ezkertiar eta abertzale guztiak" animatu nahi dituzte batzarretan parte hartzera. "Lehenengoan egon zirenak eta egon ez zirenak".

"Etorkizuneko Ezker Abertzalea erabakitzen ari gara eta berau nolakoa izango den herritar abertzale eta ezkertiar horiek erabakiko dute. Aukera historikoa da, galdu ezineko zita", amaitu dute Debagoieneko Sorturen ordezariek.

Lehen batzarretako parte hartze datuak

Euskal Herri osoan barrena egindako batzarretako datuen berri ete eman dute:

  • Oinarri Ideologikoen inguruko lehen batzarra 240 herrietan burutu da.
  • 208 herrietako datuak bildu ditugu oraingoz, hauek lirateke:
  • 5.044 lagunek hartu dute parte 208 batzar horietan. Guztira, falta diren herriak kontuan izanda, 5.500 lagun inguruko parte hartzea aurreikusten da lehen batzarretan.
  • 3.265 gizonezkoak eta 1.779 emakumezkoak.
  • Parte-hartzaileen %53,5a 35 urtetik beherakoa da, 2.700 Lagun hain zuzen.
  • Parte-hartze handiko batzarrak izan dira, eta hainbat herrietan, bigarren saio bat burutu behar izan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak