"Iaz Tolosak sekulakoa eman zigun, lau gol sartu ziguten eta asko sufritu genuen. Guretako beti izan da zelai zaila. Baina gure joera ikusita, ilusionatuta eta gogotsu joan ginen. Bagenekien Tolosa teknikoki oso talde ona dela, oso jokalari onak dituela, azkarrak direla, taktikoak… Lehen zatian eurek menderatu zuten jokoa. Baina guk taldeko lana egin genuen. Azkenean 20-25. minutuan falta egin ziguten area bazterrean, Baltzategik jaurti zuen, eta gola sartu genuen", kontatu du Neka Galan entrenatzaileak.
Partidu zailak
"Nabarmenduko nuke taldea oso dinamika onean dagoela eta ea lehen buelta amaitzen dugun puntuak batzen, eta hor goian segitzen, ze hori oso ilusionagarria da kluba, taldea, jokalari, direktiba eta baita herriarendako ere. Hurrengo bi partiduak etxean jokatzen ditugu. Egia esan, partidu gehiago irabazi ditugu kanpoan; hala ere, beti da ona etxean jokatzea. Gainera, orokorrean jendea oso ilusionatuta dago", gaineratu du Galanek.
Bederatzi puntu
Partiduaz aparte, nabarmentzekoa da Bergarako Soto atezainak min hartu zuela Tolosan. "Zutoinaren kontra jo zuen, eta bederatzi puntu ipini behar izan zizkioten buruan. Eskanerra ere egin behar izan zioten", kontatu du Galanek.
Aretxabaletak ere irabazi
Pozik etxeratu dira, baita ere, aretxabaletarrak, Aurrera taldeari 1-3 irabazi ostean. "Garaipena merezitakoa izan zela uste dut. Hiru gol sartu genituen baina aukera dezente gehiago ere izan genituen. Azken partiduetan taldea oso ondo dabil, oso indartsu, oso serio atzean, gola penaltiz sartu ziguten, eta nik taldea ondo ikusi nuen: jokatu beharra zegoenean jokatu egiten zuten, moztu beharra zegoenean moztu… oso gustura atera nintzen partidutik", adierazi du Alberto Albistegi entrenatzaileak.
Aurrera begira, Albistegik gogora ekarri du Gabonen aurretik lau partidu jokatu behar dituztela etxean eta "ea bada maila ona ematerik badugun. 13 jardunaldi daramatzagu, lehen buelta bukatzeko lau geratzen dira eta sailkapenean ondo kokatzen gabiltza. Egin behar duguna da maila ahalik eta luzaroen mantenu, partiduz partidu joan ikusten, eta hurrengo partidua Zarautzen kontra dugu eta hor ere puntuak irabazten ahaleginduko gara. Taldea oso ondo dago, lehiatzen asmatzen dabiltza, taldea ilusio handiarekin ikusten dut eta hori da garrantzitsuena", dio.
Aloña Mendik galdu
Penatuta zebilen, berriz, Andoni Azkargorta, bere mutilek galdu egin zutelako 2-0 irabazten joan ostean. Penatuta, batez ere, 92. minutuan sartu zielako Real Unionek hirugarren gola. "Partidua galdu genuen lehen ordu erdian. Ez ginen ondo sartu, eta ez ginen gure mailarik onenean egon. Ordutik aurrera bai, hasi ginen jokatzen, partiduaren pisua eraman genuen, to, baina bukaeran hirugarren gola egin zuten eta partidua galdu egin genuen".
Lehen buelta ondo amaitzearen garrantzia ere azpimarratu du oñatiarren entrenatzaileak: "Datorrena irabazi beharreko partidua da, atzeko ekipoek puntuak murriztu egin dizkigute eta Urolaren kontra dugu; gure atzetik dagoen talde bat da eta etxean jokatzen dugu; hortaz, nik uste dut hiru puntuak derrigorrezkoak direla". Horretarako, baina, zaleen laguntza eskatu du: "Hurrengo partiduan zaleen beharra izango dugu; gure aldetik egin beharreko lana egingo dugu, baina zaleen laguntasuna eskertzekoa izango da".
Mondra pozik garaipenarekin
Bukatzeko, Mondrak ere garaipena erdietsi du oraingoan, 2-4. "Pozik gaude ze oso partidu ona egin dugu. 40 segundora sartu dugu gola, baina lehen zatia 2-1 galtzen bukatu da. Bigarren zatian oso ondo jardun dugu eta hortxe irabazi dugu partidua. Pena izan da epaileak txartel asko atera izana eta horren erruz Iker Uribarren, Zabaleta eta Mikel Gonzalez baja izango dira hurrengo partiduan", zehaztu du Lutxo Iturrino entrenatzaileak. Hurrengo Hondarribia izango du aurrez aurre, etxean.