Lehen eguneko jende eta ilusio uholdearen ostean, egubakoitza eta zapatua ere oparoak izan dira, bai bisitarien aldetik eta baita antolatu diren ekintzen aldetik ere.
Hona hemen antolatzaileek emandako datu batzuk:
- 30 aurkezpenetik gora egin dira, era askotakoak.
- Oso jarraituak izan dira ikus-entzunezkoenak, Gazta zati bat, Bertsolari edota 3Dz egindako lanak, Goseren azken bideoklipa, esaterako.
- Oroimenezko liburu edo bestelako ekimenen aurkezpenak ere bai. Ugariak ere hauek.
- Ekitaldi nagusia, non flamenkoa eta bertsoak bat egin dutenez, magikoa eta ederra izan da.
- Mikel Urdangarin eta Kirmen Uriberen arteko bat egiteak ikusmin handia sortu du.
- Benito Lertxundiri Argizaiola saria emateko Jon Maiak gidatutako ekitaldia ere hunkigarria izan da, San Agustin aretoa jendez lepo zela.
- Ijitoak izan dira aurten gonbidatu bereziak eta haien ekarpena oso modu positiboan baloratu du Gerediagak. Ijitoen kulturak ere, jakin-min handia sortu dute bisitarien artean.
- Azoka telebistarekin ere asmatu egin da aurten, urtetik urtera hazten eta ontzen doan ekimena; aurten, pantaila erraldoitik aurkezpen asko jarraitu dituzte bisitariek, adi-adi.
- Ikusgarriak, Ahotseneko aurkezpenak ere, areto-gune erabat finkatua; Kabi@ teknologia berrien gunea; Irudienea, Szenatokia antzerki aretoa, Saguganbara txikienen topagunea…
Saltzaileek, ekoizleek, editoreek, azken irakurketa eta balorazioa egiteko zain, eta, bihar, azken egunez, Gerediaga Elkarteak igorriko duen azken balorazio mezuaren zain, domekako egitarauaren aurrerapen bat:
- Areto Nagusian, ijito kulturaren gaineko hitzaldi sorta 16:30ean hasita.
- Ahotsenean, Anai Arrebak taldearen azken lanaren aurkezpen kontzertua, 15:30ean.
- Saguganbaran, Maite Francoren ipuin kontaketa 12:00etan.
- Irudienean, Goseren azken bideoklipa (3Dn egina) ikusteko aukera, taldeko kideak bertan direla, 18:00etan.