"Pentsatzen genuen gaua kobazuloan pasa beharko genukeela"

Ubane Madera 2012ko abenduaren 8a

San Valerio (Meatzerreka) kobazuloan atzo, egubakoitza, izandako sustoa ez zaie bada berehala pasako Arrasate eta Aramaioko lau gazteei. "Sei bat orduan ibili ginen bueltaka, galduta. Bik pentsatu zuten lurjausiren bat gertatu zela, lokatza mordoa zegoelako alde guztietan, eta eskuekin kentzen ibili ginen. Pentsatu genuen, bai, gaua bertan pasa beharko genukeela, baina gu ondo geunden, eta kezka handiagoa geneukan kanpokoengatik, gurasoengatik-eta". 

Halaxe kontatu du atzo San Valerio kobazuloan galduta ibili zen Arrasateko gazteetako batek. "Etxera iritsitakoan egin nuen lehenengo gauza dutxa beroa hartzea izan zen. Kiloka eta kiloka lokatza kendu nuen gainetik", dio. "Ja ikasi dugu. Ez gara espeleologoak, baina ez da kobazuloetara sartzen garen lehen aldia. Batzuk bazekiten bidea, espeleologia talde batekin bertan egonda zeudelako, eta hasierako zatia erraza da, baina kuriositatearekin barrurago sartu ginen, despistatu, eta galdu egin ginen", onartu du.

Sei ordu bueltaka

11:00etan hasi zen guztia, San Valerio kobazulora sartu zirenean. "Hasierako zatian bi galeria handi daude, baina gero miatzen ibili ginen eta hari bat aurkitu genuen. Bagenekien haria han zegoela, eta hura jarraitu genuen, barrura. Halako batean, baina, haria bukatu egin zen. Barruan milaka bide daude, pasillo mordoa, eta bat hartu genuen, baina galdu egin ginen. 15:00ak ziren. Sei bat orduan ibili ginen bueltaka, baina aurkitzen genituen bide guztiak itxita zeuden, buztinarekin, lokatzarekin… Eskuekin kentzen ibili ginen eta batzuk pentsatu zuten lurjausiren bat gertatu zela. Energiak eta argia aurrezteko (bost linterna genituen) txandaka ibili ginen, bi taldetan, bat itxaroten eta bestea irteeraren bila. Baina bide guztiak itxita zeuden. Halako batean bat aurreratu egin zen. Denbora asko eman zuen bueltatu barik, eta halako batean ahotsak entzun genituen. Bera zela pentsatu genuen, biderik aurkitu ez zuela-eta, bueltan zetorrela. Baina ez, erreskate taldekoak ziren. Eta handik atera gintuzten". 

Sustoa, baina burua argi

Zorionez, bada, ondo eta laster samar bukatu zen gazteen abentura. Hala ere, sustoa pasa zutela onartu dute, baina era berean burua argi izan zutela ere azpimarratu dute: "Bagenekien kontua luzatu egingo zela. Pentsatu genuen gaua bertan eman beharko genukeela. Ez geneukan motxilarik, ze bide estua zenez, motxilak sarrerako galerian utzi genituen. Baina ura bageneukan. Eta txandak antolatu genituen. Burua argi mantendu genuen, gu ondo geunden, eta kezka handiagoa geneukan gurasoengatik eta kanpokoengatik".  

Lasaitasunarengatik inpaktatuta

Eta buru argitasun hori agerian geratu zen kanpora irtetea lortu zutenean. Jose Luis Etxeberria Porru udaltzainak horixe berori nabarmendu du: "Niretako inpakturik handiena izan zen ikustea aita-amak zein mutilak ze lasai egon ziren. Inor ez zen alteratu, ez zen egon bronkarik, ezta ulurik ere, eta hori halako gauza batean oso inportantea da. Batez ere kontuan hartuta zelako espektakulua muntatu zen: 50 bat lagun elkartu ginen Meatzerreka elkartearen kanpoko aldean, 30 bat auto: anbulantziak, ertzainen autoak, gurasoenak… Duda barik, hori da nabarmenena: zelako lasaitasuna erakutsi zuten guztiek". 

Kostuak zeinendako

Behin guztia ondo bukatuta, beraz, orain atseden hartu, eta ea hementxe geratzen den guztia. Hala ere, astelehenaren zain egon beharko dira jakiteko ea erreskatearen kostuak gazteek eurek ordaindu beharko dituzten. Ze kobazuloan izan zirenetako bi federatuta zeuden, baina beste biak ez. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak