Pozik aurkitu ditugu, baita ere, Intxorta 1937 elkarteko ordezkariak, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Garai eta Altuna ordezkarien irribarreak erakusten duen moduan: "Gehien saldu direnak dira Arrasate 1936: Emakumea, gerra eta errepresioa dokumentala eta Historia crítica da la guerra en Euskadi (1936-37), Pablo Beldarrainen liburua, kontatu du Juan Ramon Garaik, Intxorta 1937 Kultura Elkarteko ordezkariak.
Halaber, gogora ekarri dute bihar, 14:30ean aurkeztuko dutela Arrasate 1936: Emakumea, gerra eta errepresioa dokumentala Irudienean.
Horrez gainera, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak saltokia du Durangoko Azokan, eta egunero izango dira bertako kideak bisitariei harrera egiten.

Ines Osinaga Goseko abeslariaren ahotsa ere irribartsu sumatu dugu telefonoz bestaldean. Lanerako "oso gogotsu" daudela azpimarratu du, eta gogora ekarri du egunero izango direla Durangoko Azokan, saltokian ez bada, Irudienean edo bestela Ahotsenean. Izan ere, bihar, egubakoitza, eta domekan, 12:00etan Gose IIIII, Gose taldeak 3Dn egindako 2012ko ekoizpenak erakutsiko dituzte. Eta horrez gainera, zapatuan, Ahotsenean dute zuzenerako hitzordua, 13:30ean.

Musika ekoizleen artean, irribarrez eta sinpatiko ageri dira, baita ere, Juan Mari eta Igortz, Mauka diskoetxeko ordezkariak Durangoko Azokan duten saltokian. Gaur egun erabiltzen ditugun CD eta DVDez gainera, geroago eta gehiago saltzen hasi diren eta bueltan datozen biniloak ere badituzte, gainera, euren eskaintzaren barruan, Los Galerna taldearen biniloa, esaterako.

Eta lanean, baina horiek ere gogotsu ageri dira Azoka TBko Goienako lankideak. Argazkian, Oihane Isasi teknikaria eta Oihane Agirre programazio zuzendaria, telebistako aparailu artean. Eta Azoka TB etengabe elikatzen dihardutenen artean, besteak beste, Larraitz Zeberio kazetaria ere hortxe dugu.
