GI-632 errepideko Antzuola-Bergara tartea eraikitzeko esleipena egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Moyua eta Antzibar enpresen artean sortutako aldi baterako enpresak irabazi du lehiaketa. Laguntza teknikoa, berriz, Girder eta Saitec enpresen esku geratu da. 40.038.272,84 eurotan lizitatu du Diputazioak errepide zati hori eta behin obrak hasita, 25 hilabetean bukatu beharko dituzte. Laguntza teknikoa, berriz, 1.227.514,75 eurotan lizitatu du, eta kasu honetan, 28 hilabeteko epea dute lanak egiteko.
Hamaika enpresaren eskaintzen artean, Moyua Eraikuntzak SL eta Antzibar SAL enpresen aldi bateko batasunaren eskaintza iruditu zaio egokiena Gipuzkoako Diputazioari. Laguntza teknikoari dagokionez, berriz, 13 proposamen arizan ditu mahai gainean Diputazioak.
Langileen lan-baldintzen errespetua
Diputaziotik azpimarratutakoaren arabera, "GI-632 errepideko azken zatia egiteko lizitazio prozesua martxan jarri zuenean, Antzuola-Bergara errepide zatia egiteko pleguetan hainbat berrikuntza ezarri zituen: langileen lan baldintzak errespetatzea eta egoera okerrenean daudenak lan mundura sartzea bultzatzea".
"Lan hitzarmenari dagokionez, kontratistak Gipuzkoako Eraikuntzako eta Lan Publikoetako Hitzarmen Kolektiboak aplikatu beharko ditu; baita, jakina, segurtasun eta osasun baldintza guztiak ere. Enpresak betebeharrak betetzen ez baditu, zigor ekonomikoak jartzeko aukera dago. Lan baldintzekin lotutako betebeharrez gain, baldintza sozialak ere ezarri ditu Aldundiak: Baldintza horietako batzuek gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna babestea dute helburu. Beste baldintza batzuek lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonak kontratatzea bultzatzea dute helburu".
Oso garrantzitsua
Diputazioaren esanetan, ahalegin handia egin dute errepide zati hori eraiki ahal izateko, "izan ere, errepide hori amaitzea funtsezkoa da Gipuzkoaren egituratzeari begira eta baita Euskal Herriaren ikuspegitik ere, oso garrantzitsua baita herrialdeak lotzeko".