Durangoko Azoka non?…Gune guztien erakusleihoan, Azoka TBn

Ubane Madera 2012ko abenduaren 6a

10:30ean hasi eta 23:30ak arte, Durangoko Azokan gertatzen den guztia zuzen-zuzenen jarraitu ahal izango da Azoka TBren bitartez. Izan ere, laugarren urtez, eta Berria, Hamaika, Argia eta EiTBrekin elkarlanean, "zuzeneko telebista bizia" landuko du Goienak gaurtik domekara bitartean, Landakogunean. Haren jarraipena egin ahal izango da, baita ere, Goiena Telebistaren bitartez. Dagoeneko Durangoko Azoka etxetik bertatik bisita dezakegu, pantaila txikiaren bitartez.

"Egunez eguneko kontakizun betea egingo du Azoka TBak. Bertan egingo diren kontzertuen, liburu aurkezpenen, ekitaldien… eta izango diren bisitariekin, protagonistekin, sortzaileekin elkarrizketak… bada, guzti-guztia batu eta azokan bertan ipiniko den pantaila erraldoiari esker azokak ematen duena guztion eskura ipiniko dugu bertan", jakinarazi du Oihane Agirrek, Goiena Telebistako programazio zuzendariak eta Azoka TBko arduradunak. 

"Horrez gainera, streaming bidez ere jarraitu ahal izango da hori guztiori, azokaren webgunearen bitartez, eta aurten lehenengo aldiz euskarazko toki telebista guztietara ere zabalduko da emisioa", gaineratu du Agirrek. 

Hori guztia egiteko, egunero-egunero Goienako zortzi laguneko  lantaldeak Landakogunean jardungo du buru-belarri: "Kazetariak, teknikariak, errealizadoreak… denetik izango da".

Ia gauerdira arteko emisioa

"Aurten gainera, bi faktore kontuan hartuta, hau da, Azoka TB euskarazko toki telebistetan ere emitituko dela eta Ahotsenea bezalako gune garrantzitsu bat 22:00etan itxiko dela, bada Azoka telebista 23:30ak arte jarraituko dugu emititzen. Azokan bertan 20:00etan itzaliko da telebista, orduantxe itxi egiten delako Landakogunea, baina gure emisioa 23:30ak arte luzatuko da. Eskainiko duguna da Ahotsenean gertatzen den hori. 21:00etan, berriz, emitituko dugu Hamaika telebistak egun horretan azokan bertan duen plato batean ekoiztutako saioa, eta 23:00etan emitituko dugu EiTB 3k egun horretarako ekoiztu duena; beraz, elkarren arteko lana ere ikusgai izango dugu Azoka TBn".  

  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak