Ganadua hobeto bizi izateko 110.000 euro banatuko ditu Aldundiak ustialekuen artean

Leire Kortabarria 2012ko abenduaren 5a

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo onartu zuen esnetarako behien abeltzaintza-ustiaketen artean 110.000 euro banatzea, Europak ezarritako arauen arabera, ganadua hobeto bizi dadin. Dekretu horren bitartez, sektoreari zuzendutako subentzioak osatu ditu Foru Aldundiak.

Laguntza horiek jaso ahal izateko, abereak hobeto bizi daitezen neurriak hartu beharko dituzte ustiaketek, eta neurriok dagoeneko derrigorrezkoak diren mailatik gorakoak izan beharko dira.

Neurri horiek erabiltzen hasteak kostu gehigarriak edo diru-sarrerak txikitzea eragiten du. Hain zuzen ere, galera horiek nolabait konpentsatzeko asmoz eman ditu Diputazioak dirulaguntza horiek. Bateragarriak izango dira foru aldundiek eman ditzaketen beste laguntza batzuekin, betiere jasotzen den diru-kopurua muga jakin batetik baino handiagoa ez bada. 

Behien ongizatea hobetzeko honako neurriak sarituko dira:

a) Larreetara eramatea: Larrean daudenean, behi bakoitzeko 0,25 hektarea behar da gutxienez, eta urtean 120 egunetan aterako dituzte gutxienez.
b) Ibiltzeko eta lasai egoteko lekua. Instalazioetan, gutxienez 12 metro karratuko eremua. 
c) Patologien zaintza eta prebentzio metodikoa.
d) Ukuiluan etzaleku gehiago egitea.
e) Bigungarriz edo koltxonetaz babestutako eremuak.
f) Aireztapena eta hezedura.
g) Arrobaderak edo parrilak garbitzeko robota.
h) Eskuilak(zepilloak).
i) Askak. Jetzi aurretik behiak egoten diren itxarongelan, askak egon behar dira.
j) Hankak garbitzeko eremua.

Gipuzkoan laguntza hauetarako eskaera egin duten ustialekuak 92 dira, denera bi urte baino gehiagoko 7.041 esnetarako behi dituztenak. Honek esan nahi du animali kopuru osoaren % 90,3k jaso duela dekretu honek exijitzen dituen onurak eta hobekuntzak.

Gipuzkoan 141 ukuilu edo ustialeku daude, 7.795 esne-behiekin; bigantxak eta txahalak gehituta, 13.160 buru dira. Debagoienean hiru ukuilu daude, 220 behi, 78 bigantxa eta 63 txahalekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak