Eguenean altxatuko ditu aingurak euskal kulturaren erakusleiho erraldoi bilakatu den Durangoko Azoka deituriko itsasontziak. Beste urte batez sortzaileek euren lanak erakutsi ahal izango dituzte bertan. 47. ediziora iritsi da Durangoko Liburu eta Disko Azoka, eta zenbait berritasunekin dator oraingoan.
Teknika berriak azokan
Beirate bat eratu gura izan du Nestor Basterretxea eskultoreak aurtengo kartelaren irudia sortzerakoan. Teknika modernoak baliatu ditu, gainera, bermeotarrak: telebistako pixelei argazkia aterata egin du horma-irudia.
Teknika berriak geroz eta modernitate handiagoko azokarentzat. Izan ere, Durangoko hitzordua garaietara egokitzen joaten da edizio bakoitzean. Esate baterako, oraindik paperezko liburuak nagusi diren azokan elektronikoek ere tokia izango dute, eta zazpi izenburu topatuko ditugu, interesatuz gero.
Bestalde, euskaraz sortutako 3D lanak aurkeztuko dituzte Irudienea gunean. Euskarazko lehenengo 3D filma egin dute Aiert Goenagak eta Jon Urrazak: Morritson eta Gartzia.
Bestalde, teknika hori erabilita egin den lehenengo euskarazko bideoklipak ere Durangon ikusiko du argia: Gose talde arrasatearraren Ezetz kantuak, hain zuzen. "Mikel Clementeren ideia izan zen. Aspalditik ezagutzen dugu elkar eta konfiantza dugu harengan, bideogintzan lan bikaina egin duelako". Hala adierazi digu Gose taldeko ahots Ines Osinagak. "Proposamena egin zigunean ilusioz hartu genuen, bai teknika berria erabiltzeagatik, eta baita gura izan dugun abesti baten bideoklipa egin dugulako, orain artekoak enkarguak izan dira eta".
Egubakoitzean 12:00etatik aurrera aurkeztuko dituzte bi lanak.
Azoka TV
Aurten ere azokak irauten duen egunetan Azoka TV ikusgai egongo da. GOIENA arduratuko da eguenetik domekara bitarteko lanaz. Hala adierazi digu Oihane Agirre programazio zuzendariak: "Azokan bertan ipiniko den pantaila erraldoiari esker ikusi ahal izango da; iazkoa baino handiagoa da, gainera. Baina bestalde, egun horietan zehar, Goiena telebistak Azoka TV bakarrik emitituko du, eta euskarazko tokiko telebistetan ere eskainiko da."
Azokan gertatzen ari denaren berri emateaz gainera, liburuak eta diskoak aurkeztu dituztenak elkarrizketatuko dituzte, erreportajeak egin...
Guneak indartzen
Durangoko Azokako zuzendari Aiert Goenagak buruari buelta ugari emanda egitarau borobila prestatu dutela adierazi du, eta horietariko batzuk urteroko hitzordu izan daitezen apustu egin dute, gainera: "Szenatokian, iaz oso ondo funtzionatu zuen antzerki maratoia egonkortu gura izan dugu eta hiru egunetara zabaldu dugu egitaraua". Irudienea, berriz, iaz irekita, aurten indartu gura izan duten guneetariko bat da, eta gogor dator. Eta Plateruena lehenengo aldiz gune ofizial moduan agertu da.
Orokorrean, sekula baino programa zabalagoa antolatu dute 47. ediziorako: 253 mahai kokatuko dituzte, 400 nobedade pasa egongo dira eta 300 ekitalditik gora. "Testuinguru ekonomikoa kontuan izanda ez dira nolanahiko zifrak. Hogei erakusmahai gutxiago etorri dira, baina 250tik gora etortzea adierazgarria da".
Ijito kultura eta Lertxundi
Urtero-urtero kultura gonbidatu bat egoten da Durangon, eta aurten, ijito kultura gerturatu gura izan dute antolatzaileek azokara. Kale Dor Kayiko elkartearekin elkarlanean programazio zabala antolatu dute, gainera: tailerrak, jokoak, ipuin kontaketak, kontzertuak... Bestalde, egubakoitzean 15:30ean Areto Nagusian egingo den Emakume ijitoaren aldarria izeneko berbaldia.
Omenaldia jasoko duen beste pertsona bat Benito Lertxundi artista izango da, Argizaiola Saria emango baitiote bihar. Gauean Argi ekitaldiaren barruan jasoko du saria. Merezitako saria, azokako zuzendariaren esanetan, "60ko hamarkadatik egindako lanagatik".

