Andoainen hasiko da Korrika 18, 2013ko martxoaren 14an. Eman euskara elkarri izango da Korrikaren edizio berriko leloa eta Martin Ugalde Kultur Parketik irtengo da. Hamar egunetan zehar Euskal Herriko bazterrak bisitatuta iritsiko da helmugara, Baionara. Debagoienetik martxoaren 21ean igaroko da, Elosutik sartu eta Gatzagatik irtenda.
Euskara ikasleak omenduko ditu Korrikak aurten. "Euskara euskal herritarron elkarbizitzarako gakoa dela diogu, elkarri hitz egiteko, entzuteko eta elkar ulertzeko tresna. Horretarako euskal herritarrok euskal kultura ezagutzea eta euskara jakitea beharrezkoa da. Horregatik euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsonak omendu nahi ditu Korrika 18k".
Herrikako batzordeak
Debagoieneko AEK herrietan korrika batzordeak sortu guran dabil eta dagoeneko zenbait bilera hitzordu finkatu dituzte. Gura duten herritar guztiei egin die dei AEK bertan parte hartu dezaten:
Oñati: abenduaren 11n Kultura Etxea, 18:30ean.
Aretxabaleta: abenduaren 12an, udaletxean, 18:30ean.
Elgeta: abenduaren 13an udaletxean, 18:00etan.
Arrasate: abenduaren 13an, AEDren egoitzan, 18:30ean.
Bergara: abenduaren 14an, Kultur Etxean, 18:30ean.
Eskoriatza: abenduaren 18an, Kultura Etxean, 18:30ean.
Leintz Gatzaga: abenduaren 18an Kultura Etxean, 18:30ean.
(Antzuola eta Aramaioko hitzorduak konfirmatzeke daude)