Gabonekin ondo bukatu nahi dute merkatariek 2012. urte zaila

Leire Kortabarria 2012ko abenduaren 3a

Krisiak dirauen arren, ia familia guztiek gehiago gastatzen dute Gabonetan. Bada, gastu hori herrian, bailaran gera dadin animatu gura dute Debagoieneko merkatariek, eta, horretarako, urtero bezala, ekintzak eta promozio bereziak prestatu dituzte bailarako lau merkataritza-elkarteek; batik bat, lehiaketak eta bestelako pizgarri batzuk jendeak herrian bertan erosi ditzan opariak, apaingarriak, janariak…

Horrekin batera, kaleetan Gabonetako giro alaia sortzen lagunduko dute, apaingarri bereziekin eta erakusleiho jantziekin.

Dendari elkarteek Gabonak aprobetxatu gura dituzte 2012 zaila ondo bukatzeko. Oñatiko Txanda elkarteko Aitor Ugartek dioenez, "iraila eta azaroa nahiko txarrak izan dira, baina abendurako esperantza handia" dute dendariek. Aretxarteko presidente Alberto Asensioren esanetan, "beti igartzen da Gabonetan jende gehiago dabilela herrian". 

Bergaran, 12 otzara 

Promozio hauek egingo dituzte dendari elkarteek: Arrasaten, 100 otzara zozketatuko dituzte erosleen artean. Bestetik, komertzioek argiztapen berezia ipiniko dute. 

Bergaran, Bedelkarrek marrazki lehiaketa antolatu du, lehenengo aldiz, eta hainbat oparitxo emango ditu. Bestalde, Gabonetako 12 otzara zozketatuko ditu, berritasun gisa. Horrez gain, Bedelkarren txartela erabiltzen dutenen artean 500 euroko sari bat eta 200 euroko bost zozketatuko ditu.

Oñatin, iaz arrakasta handia izan zuen lehiaketa antolatu du berriz Txandak. Hala, Atzeko kaleko lokal baten erakusleihoa ipini du, batetik, jateko produktuekin eta, bestetik, denetariko produktuekin; bada, lehenaren pisua eta bigarrenaren balioa asmatu beharko da. Txandako dendetan egiten duten erosketa bakoitzeko, parte hartzeko txartela emango diete.

Aretxartek, UDArekin batera, gaur bertan emango du buzkantza-jana. Bestalde, gaztaina-saltzailea ekarriko dute hiru egunean, eta abenduko bezeroen artean hiru otzara eta, lehen saridunarendako, horrez gain, bidaia bat ere zozketatuko dituzte.

Kanpora joatea "ez da doan" 

Urte txarra izan da kontsumitzaileondako eta merkatariondako, eta Gabonetako argiekin "urtea bukatu dela baina beste bat hasiko dela" adierazi gura dute Ibai-Artekoek, Jesus Mari Elkoro elkartekidearen berbatan. Urte berri horretan "inork ez du aparteko aldaketarik espero", onartzen digu berak. Hala ere, "etorkizunera begira esperantza pixka bat" izatera animatu gura du. Merkatariek onartzen dute jendeak oraindik kanpora joateko ohitura izango duela, baina "joera hori aldatzen" dagoela uste du Elkorok: "Jendea konturatu da erosketak kanpoan egitea doan ez dela, eta gehienetan, etxetik gertu, tratu pertsonalarekin eta dendari ezagunekin, gauza berberak topatzen direla eta, batez beste, irabazten irteten dela". Arrasateko merkatariek lortu dituzten kalitate ziurtagiriek "adierazten dute komertzioa arduratzen dela bere eginkizunaz eta gero eta profesionalagoak garela".

Txandako Aitor Ugarteren iritziz, "orain 10 urterekin konparatuta, oraingo dendak kalitate handiagokoak dira, eta bertan gauden profesionalok zerbitzu hobea ematen dugu. Profesional hobeak, denda politagoa, aukera gehiago, produktu hobeak… baldin badaude, guk gura duguna da jendea kanpora ez joatea, ahal den gehien herrian gelditzea".

-----------------

Gertukoak: harategietan, Aretxabaletako Iosun bezala, solomillo, txuleta eta bildots asko saltzen dituzte Gabonetan. Iosu harategiko ugazabek diotenez, bezeroak gertuko egin dira, eta dendan badakite zer eskatuko duten.

-----------------

Jenero asko: jantzi-dendetan ere erosketa askoko garaia dira Gabonak, eta Bergarako Mirari dendako Mari Carmenek "arropaz beteta" du denda, urteari bukaera ona emateko itxaropenarekin. Neguko arropak saltzea espero du.

-----------------

Opari bila: opari-dendetan bezeroen zain daude; Arrasateko Beinke dendako Kristinak "denetariko" aurrekontuak dituzten erosleak izaten ditu. Krisia igarri duela dio, baina Gabonetarako itxaropentsu dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak