Eskolan heriotza nola tratatu behar den jorratu du proiektu sarituan Idoia Sarak eta bizipen pertsonal batek bultzatu zion gai horri buruz idaztera. Proiektua egiterako orduan Sara konturatu da doluaren inguruko hutsune handia dagoela gizartean oro har eta eskolan bereziki.
42 proiektu lehian
Guztira, Mondragon Unibertsitatean, 132 proiektu egin dira euskaraz eta 42 proiektu aurkeztu dira sarira Enpresagintzatik, Goi Eskola Politeknikotik eta HUHEZItik. Iazko edizioan baino lan gehiago aurkeztu dira aurten eta epaimahaia osatu duten kideek adierazi dute analisi sakon baten ondoren, adostasuna egon dela lanak puntuatzerako orduan eta aho batez aukeratu dutela Idoia Sararen lan saritua.
Sari hori Mondragon Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez sortu zen iaz eta helburua da ikasleek unibertsitatetik lan mundura jauzi egiten dutenean ikasketa amaierako proiektuak euskaraz egitea.
Aurtengoa, sari horren 2. edizioa izan da, eta urtero antolatzeko asmoarekin jarraitzen dute MUk eta Mondragon Korporazioak. Aurten gertatu den bezala, hurrengo edizioetan partaide kopuruak gorantz egitea espero dute.