1. Arrakastatsua izan da Vaya Semanita-ren saio berezia. Faltan igartzen zen seinale?
Ez dakit horregatik den, baina jendeak gustu handiz hartu du. Saioan zehar, gainera, audientzia gora joan zen: minutu baten 400.000 ikusle ere izan genituen.
2. Ikusiko ditugu atal gehiago?
Guri, bakarra egiteko dirua zegoela esan ziguten. Agintariek dute erabakia: horretarako egoten gara langabezian, behar gaituztenean lanera joateko. Baliteke Gabonetarako zerbait egotea, baina ez dago seguru.
3. Pertsonaia asko egiten dituzu bertan. Bat aukeratzekotan?
Gustura zein ez dudan egiten badakit: ipurdia erakusten duena, ama haserretzen zait-eta! Besteak gustura hartzen ditut; aktorearentzat gauza ezberdinak egitea ederra da, eta saioak aukera hori ematen dizu.
4. Joseba Usabiaga [Tximista]laguna duzu eta lankide ere bai askotan. Nola eroaten da hori?
Ondo, erosoa da. Ehun metrora bizi gara eta antzezlanetara batera joaten gara: norbaitek bazkaria izan eta sagardoa edan gura badu, besteari abisatu besterik ez du!
5. Hil arte bizi-n zuen lankide Sara Cozarrek esan zigun zuekin ez zela erraza kontzentratzea...
Sarri kexatzen da, bai. Guri ahaztu egiten zaigu kontzentratzea, eta teloia altxa aurretik hortxe aritzen gara kontu kontari.
6. Poxpolo pailazoa ere bazara. Bada umeak baino publiko gogorragorik?
Sarri galdetzen duzue hori kazetariek. Umea ez da gogorra, egiazalea baizik: helduek ez bezala, umeak gustuko ez badu, joan egingo da. Ikaragarri gustatzen zaigu umeekin lan egitea.
7. Draman ez zaitugu askorik ikusi. Aukera ala gogo falta?
Biak... Hil arte bizi-n beste erregistro bat ere landu arren, amona batek esan zidan: "Zu zenbat eta gehiago sufritzen ikusi, orduan eta barre gehiago egiten dut!".
8. Goizetan entseguak, arratsaldeetan grabazioak, asteburuetan obrak... Bizi noiz?
Alabari goizean esan diodan moduan, hori, asko jota, datorren hilabetera arteko kontua izango da, eta gero, egunero eroango dut ikastolara. Boladaka doa hau, izango dira lasai egoteko hilabeteak.
9. Goenkale-n figurante hasi zen Ikerrek pentsatzen al zuen egun dagoen lekura helduko zenik?
Honetan arituko nintzela bai, nahiko argi nuen zer gustatzen zitzaidan. Baina ez zait heldu kontzeptua gustatzen: hau gehitzen joatea da, lanari eustea.
10. Zer egiten ikasi zenuen gurasoen jatetxean?
Parrillero artista naiz! Koadrilan sukaldari moderno asko dago; baina betiko parrilla egiteko, beti Ikerri deitzen diote!
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Makila izango banu, munduko ume guztiak ogitarteko bat eskuetan dutela ikusiko genituzke. Beste gauza batzuei eman diezaiekegu buelta, baina arazo horri erremedio txarra ikusten diot. Hala ere, gaur egun zerbait onartu ezin bada gosea da hori, umeak gosez hiltzea".