Nahiz eta sailkapenak Ford Mugarri taldea Bergara baino gehiago dela esan, arrasatearrek errespetu handiarekin planteatu zuten norgehiagoka. Izan ere, aurreko astean Bergarak liderraren etxean garaipen garrantzitsua eskuratu zuen eta etxeko taldeak derbia motibazio handiarekin hartu zuten. Partidua hasi bezain laster bi taldeek defentsa gogorra planteatuko zutela ikusi zen eta 3. minutura arte golik ez egotea izan zen horren erakusle.
Ane Herreroren mutilek lehenengo gola sartu eta bergararrek beste batekin erantzun zuten. Hurrengo minutuan talde bakoitzak beste gol bana sartu zuten eta hortik aurrera, kanpoko taldeak duen nagusitasuna erakutsi zuen: hiru gol sartu zituzten eta norgehiagokaren erritmoa ezartzeko gai izan ziren.
Bergarako taldeak jokalari azkarrak ditu eta kontraerasoak egiten trebeak dira, baina arrasatearrek hori ekiditeko, kontaktu handiko defentsa egin zuten eta etxekoen gola egiteko antsietatearekin jokatu zuten. Muniategiren baloia eskuartean izateko arazoak zituzten eta kanpotarrek markagailuko aldea handitzeko aprobetxatu zuten. Herreroen mutilek atsedenaldirako 5 goleko aldea lortu zuten: 9-13.
2. zatian intentsitateak gora
Partiduaren bigarren zatia lehenengoaren hasiera berdina izan zuen: bi taldeek ez zituzten aukera garbirik izan eta 4. minutura arte ez zen golik izan. Minutuak aurrera egin ahala, partiduak intentsitatea irabazi zuen eta amaierarako 4 minutu geratzen zirenean bergararrak 5 goletako distantzia 2 goletara murriztea lortu zuten. Baina talde arrasatearrak atzera egin beharrean aurrera egitea erabaki eta 5 goleko aldearekin partidua bukatu zuten: 23-28. Arrasatearrek merezitako garaipena lortu zuten.