Arizmendik ere Euskararen eta Ikastolen eguna ospatuko du astelehenean

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko azaroaren 30a

Abenduaren 3an, astelehenean, Euskararen Eguna ospatuko da Euskal Herri osoan. Ikastoletan ere egun berezia izan ohi da Euskararen Nazioarteko Eguna, San Frantzisko Egunarekin batera ospatzen dena. Ikastola guztiek ospatuko dute, Arizmendin ere hainbat ekimen antolatu dituzte.

Ikastolako BAZARA egitasmoak, azken urteotan, protagonismo berezia izan du Euskararen Egunean, eta egunerako propio antolatu izan ditu zenbait jarduera BAZARAko ordezkariek geletan bidera ditzaten.

Aurten batzordeari berari indarra emateko asmoz, batzordekide guztiak elkartuta, prentsaurreko bat egingo dute Bigarren Hezkuntzako ikasle guztientzat. Almenen egingo dute bat eta beste bat, Gaztelupen. Prentsaurreko horretan manifestu bat irakurriko da, hainbat hausnarketa egingo dituzte ordezkariek eta bideo bat eskainiko dute. Mailaz maila ikasle guztiak pasatuko dira prentsaurrekotik.

Aipatzeko modukoa da batxilergoko bigarren mailako ikasleak astelehenean ikas bidaian egongo direla, Alemanian, baina bertan dauden BAZARAko batzordekideek ere egingo dutela prentsaurrekoa. Guztira 58 ikasle daude batzordean: 28 batxilergoan eta 30 DBHn.

Egun horren bueltan, bestetik, bideo bat grabatu dute BAZARAko ikasleek, zer opariko zenioke euskarari? galdera eginez ikastolako ikasle eta irakasle batzuei. Haur Hezkuntzako azken urtean eta Lehen Hezkuntzan, bideo hori abiapuntu hartuta, ikasleen artean hausnartzeko proposamena zabaldu diete etapa horietako irakasleei.

Bestetik, aurtengo beste berrikuntza bat batxilergoko bigarren mailako ikasleen aldetik iritsiko da. Izan ere, Eta zeuk nola bizi duzu euskara? galderaren inguruan bideoak grabatu dituzte ikasleek euskara ikasgaitik bideratuta, eta QR bidez ikusteko kartelak jarriko dituzte. Herrietan zintzilikatuko dituzte kartelak herritarrek bideo horiek ikus ahal izan ditzaten.

Etapa eta gune ezberdinak dituenez Arizmendi ikastolak, eguna ospatzeko, BAZARAkoek bideratutako ekimenez gain, bakoitzak bere egitarau propioa landu du. Hala nola, jolasak, antzerkiak, txiste-lehiaketak, olinpiadak…. Batxilergoko lehenengo mailakoek Ziztada-Tábanos dokumentala ikusteko eta, ondoren, Sabino Ormazabal gidoilariarekin egoteko aukera edukiko dute. Modu batean edo bestean jai giroan biziko da goiza Arizmendi ikastolan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak