Arrasateko Hiper Eroski zentroan ere batu zituzten elikagaiak; kasu horretan, Debagoieneko Elikagaien Bankuko ordezkariak ibili ziren batzen.
Egunotan, Eroskik Bizkaian dituen 14 hipermerkatutan eta 32 supermerkatutan egingo du kanpaina Euskadiko Elikagaien Bankuak. Bezeroek jateko produktuak eman ahal izango dituzte, behartsuek jaso ditzaten.
Eskaerak, %30 gehiago
Batze Handia izeneko bi eguneko kanpaina hainbat lekutako Elikagaien Bankuek deitu dute, Hego Euskal Herrian eta kanpoan. Hala, Kataluniako Elikagaien Bankuak 1.400 tona janari batu nahi ditu bi egun hauetan, eta 900 merkatu eta supermerkatu baino gehiagok parte hartuko dute. Izan ere, beharrak asko handitu dira azken urtean: Kataluniako Elikagaien Bankuak esan duenez, urte betean %30 eskaera gehiago jaso dituzte aurreko urtean baino.
Eroskiri dagokionez, badira 15 urte Elikagaien Bankuarekin hitzarmena duela. Urtean bi batze-kanpaina bultzatzen ditu Eroskik. Horrez gain, egunero janari freskoak ematen dizkie Elikagaien Bankuari eta elikagaiak batzen dituzten beste erakunde solidario batzuei. Hala, Eroskik zazpi milioi kilo janari eman ditu 15 urteotan.