Orobengoa anaiak eta Aitor Arnaiz, Alcañizko 500 kilometroetan, bihar

Xabier Urtzelai 2012ko azaroaren 30a

Lerro hauek irakurtzen dituzuenerako Arrasateko TRT Racing taldeko kideak Alcañizera bidean izango dira (Aragoi). Bihar, zapatua, egingo dute 500 kilometroko erresistentzia lasterketa, eta gaur, egubakoitza, entrenamendu pribatuak izango dituzte. 

Debagoienekoekin batera lehiatuko dira Alcañizko 500 kilometroetan Espainiako, Italiako eta Ingalaterrako beste 42 automobil, hainbat kategoriatan banatuta. Zirkuitutarako prestatutako Seat Ibiza autoa gidatuko dute Igor eta Iker Orobengoa anai arrasatearrek, eta Aitor Arnaiz oñatiarrak. Iaz Nafarroako Opena irabazi zuten, baina orduan Igorrek egiten zituen pilotu lanak. Biharkoa lau orduko lasterketa izango da, hiru piloturendako lana, eta horretan berriak dira, erresistentzia probatan, alegia.   

Burua galdu barik, proba luzea da

Gaurko lan-saioari etekin guztia atera beharko diote: "Autoko azken torlojua ere errepasatu dugu, eta dena dugu gertu. Baina entrenamendu txandak baliatuko ditugu autoa zelan doan ikusteko, eta zirkuitura ohitzen joateko". Dieseldun autoa dugu, eta asmoa da lasterketan kontrarioek baino geldialdi bat gutxiago egitea eta abantaila hori aprobetxatzea. Proba amaitzea da asmoa, baina ez dugu aurrean egotea baztertzen". Orobengoa anaiak gasoil kontsumoa neurtzen ibili dira, eta aurreikusten dute posible izango dela besteek baino geldialdi bat gutxiago egitea. Horretarako itzuli batera gasolinazko kontrarioak baino apur bat motelago ibiliko dira, zirkuituan postua defendatzen jardungo dute". 

Hala, hiru pilotuekin batera mekaniko lanetan jardungo duten lagun-koadrila izango dute ondoan, depositoa betetzeaz batera gurpil aldaketak ere egin beharko dituztelako. Hala, Arrasate TRT Racingekoek egingo duten lana Goiena Telebistan jarraitu ahal izango duzue, abenduaren 10ean egingo dugun Harmailatik saio berezian. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak