Gipuzkoarrek autobideetan gehienez 25 euro ordainduko dituzte, zapatuaz geroztik

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko azaroaren 29a

Neurri horrekin baliatzeko beharrezkoa izango da Via-T gailua izatea eta Aldunditik adierazi dute 15.000 pertsona izango direla neurri berri horren onuradunak hilero.

Foru Aldundiaren izenean, Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak aurkeztu zuen proposamena joan den uztailean, eta alderdi guztiek alde bozkatu ostean, zapatu honetan jarriko da indarrean neurri berria. Beraz, auto gidari gipuzkoarrek AP-1 eta AP-8 autobideetan hilean 25,64 euro ordainduko dituzte gehienez.

Via-T gailua derrigorrezkoa

Gaur egungo deskontu politikari eutsiko zaio, baina gehienezko muga jarrita. Deskontu horretaz baliatzeko baina, beharrezkoa da Via-T gailua izatea ibilgailuan, beraz, dagoeneko gailua dutenek ez dute ezer egin beharko, eta ez dutenek Via-T gailua jarri beharko dute neurri berriaz baliatzeko.

Onurak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren iritziz, erabiltzaile guztiek parte hartu behar dute errepideen finantziazioan, baina langileriaren poltsikoak hustu gabe.

Aldundiaren ustez neurriaren ondorioz Gipuzkoako hainbat familiak euren gastua nabarmen murriztuko dute hilean. AP-1 eta AP-8 autobideetako erabiltzaileentzat urteko kostua gehienez 300 bat eurokoa izango da neurri berriari esker eta 15.000 pertsona izango dira neurri horren onuradunak hilero.

Hainbat kasutan neurri berriak 700 euro baino gehiagoko aurrezkia suposatuko duela ere esan dute Aldunditik eta herritarrei ondo iruditzen zaie neurri berria.

Argi utzi behar da baina, orain arte bezala erabiltzaileak gastu osoa ordainduko duela, baina hurrengo hilabetean itzuli egingo zaio 25,64 euroak gainditzen dituen kantitatea.

Bidegi

Zapatuan indarrean jarriko den neurriaren ondorioz, Bidegik, 1,5 milioi euro gutxiago jasoko ditu gutxi gorabehera. Baina hala ere, Ugarte diputatuak adierazi zuen foru arauak ez duela desoreka ekonomikorik sortuko Bidegi erakunde publikoarentzat, kopuru hori errepideak mantentzeko kontratuaren murrizketarekin orekatuko dutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak