Lantokiko bizi-kalitaterako gidaliburua atera du Enplegu Sailak

Leire Kortabarria 2012ko azaroaren 28a

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Laneko Bizi-kalitatea delako gidaliburua argitaratu du, enpresek errazago hobe ditzaten langileen lan-baldintzak. Lantokian bizi-kalitatea sustatzeko ekimen multzoaren barruan dago argitalpen hori.

Ekimen sorta hori Enplegu Sailak sustatutako Enpresetako Gizarte Erantzukizuneko Esparru Planaren barruan dago. Hauek dira ekimen horien adibide aipagarrienetarikoak: euskal enpresetan ordutegia aldatzea aztertzea, batetik; eta, bestetik, lana eta familia bateragarri egiteko lau euskal enpresatan abiarazitako proiektu pilotua.

Plan horren beste atal bat izan da www.euskadi.net/gizartelan ataria sortzea, kontziliazioa sustatzeko neurriak, eta laneko arriskuei aurrea hartzeko Osalan saria.

Lantokiko bizi-kalitatea kontzeptuaren barruan, enplegatuen lan-baldintzak hobetzeko erakundeek praktikan ipintzen dituzten neurriak biltzen dira. Neurriok hainbat helburu dituzte: enpleguaren egonkortasuna, gizon eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna, pluraltasuna kudeatzea, konpentsazioa, denbora- eta espazio-malgutasuna, ongizate fisikoa eta ergonomia, kontziliazioari laguntzea, langileen partaidetza, gatazkak konpontzea, eskubide sindikala errespetatzea, segurtasuna, eta osasun eta garapen profesionalak. Lantokiko bizi-kalitatea honela defintzen du Enplegu Sailak: enplegatuen lan-baldintzetan eragiten duten faktoreak hobetzera bideratutako jarduera-ildoen baturaren emaitza. 

Enpresa guztiendako oinarriak

Lantokiko bizi-kalitatea kontzeptua bideratzeko eta mugatzeko prestatu du Eusko Jaurlaritzak gida hori. Helburua da "enpresaburu guztiek oinarri berbera" edukitzea neurriak aplikatzeko.

Aurreko guztia oinarri hartuta, gidaliburuak bi atal ditu. Lehenengo atalean, lantokiko bizi-kalitatea indartu duten araudi nagusiak, estrategiak eta itunak aztertzen dira; bigarrenean, berriz, kontzeptu horren definizio zabalagoa egiten da.

Gidaliburua enpresetan banatu da, eta www.euskadi.net/gizartelan  eta www.euskadi.net/concilia+ helbideetan eskura daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak